Perretxikoak

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-01-08T09_55_32-08_00

Idazlea: Nikolas Zendoia / Irakurlea: Mari Paz Elortza / Iturria: Diario Vasco

Badakizue zer itz esan degun? Perretxikua. Gaur egun esaten dan bezela, janari preziatua. Landatu gabe gure lurrak ematen digun janarietako bat. Eta nolakoa! Bere garaiak ditu.

Udaberriko zizak. Leku batzuetan zuzak deitzen diete. Nere ustez, perretxikurik finenak. Perretxiku zuria, usai ederrekoa. Ez da nunai izaten dana. Leku jakiñekoak oi ditu geienean. Eta leku oien berri dakienak isilik gordetzen ditu. Lagun aundia izango dezu, baiña ez dizu esango. Izugarrizko salneurriak eragiten dituena da udaberriko ziza. Naiko denboraldi motza da berea, eta orduan saiatu bear.
Gogoan det, mutikoak giñala, anai gazteagoa, Joxe, eta biok Urdanetatik etxera lasterka gentozela, meza nagusian izanda. Luzatu zitzaigun, nunbait, uste baiño geiago pelotan, askotan bezela, eta gero belar-zelaietan barrena presaka etxera, ankak burutik gora jasoaz.
Ura ezusteko ona! An egin genuen topo ziza-sail zuri-zuriarekin. Eiza-zakurra oillagorrari bezela geratu giñan biok. Nunbait, iñork ez zekien ziza-leku aren berri. Ziza-lekuak aldatu egi¬ten bait dira batzuetan. Eta beste leku batzuk, jakiñekoak, nioen bezela.
Bada,etxera etortzeko presak alde egin ziguten, ziza-zuri sail artara eldu giñanean. Dena zuri, metro eta erdi inguruko sailla. Izketa aldatzea da, baiña zera gogora arazten dit: Valentziatik ia Benidorrera iristean, an eskubi aldean ikusten dira, ba, mendiak etxe txuriz jantziak... Bada, uraxe gogora arazten dit.
Soiñean generamatzan arropa guztiak bete genituen zizaz. Arraiok ez badu, ez giñan otzanak iritsi etxera. Ez genuen beranduagatik errieta jaso beldur aundirik. Ez orixe!
—Nun billatu dituzue? Eta irriparre isila.
—Leendik ba al zenekiten lekuaren berri?
—Leen, ez. Orain, bai.
Mutikoak ortik onerakoak giñan, ba, sekretuak gordetzen. Baina arrigarria, leku artan ez genuela geiago zizarik jaso. Lekualdatu egingo ziran akaso. Geure etxeko sailletan ere bagenituen ziza-lekuak jakiñekoak. Intxaur-soro deitzen genion sagastiko zelaian ere,

betiko zizaleku borobilla bazan. Ziza dagoen lekuan, belar illuna izaten da. Batzuetan, barrada luzean; baiña geienean, borobillean. Baiña gure ziza-leku zaar aren berri, ingurumari guztiak zekiten. Uste det denak gu baiño azkarragoak zirala.
Goazemazue orain uda eta udazkeneko perretxiku koloredunetara.
Gogoratuta ere! Urkitxikitako pagadiko gibelurdiñak, Txaillurretako ariztiko ziza oriak, Sagarmanetako borda aldeko onddoak, eta guzti oietako kuletoak!
Guk ezagutzen genituen perretxiku motak, aipatu ditudan oiek ziran. Bearbada, gure alderdian geien jaiotzen ziranak. Perretxiku fin eta seguruak. Baita ere garbiak.
Eta dakizuena: zuaizpe denak segatzen ziran ezkero, baso garbiak. Perretxikuak urrutira ikusten ziran. Izketa au aterata, nire lagun batek leengoan ala esan zidan:
—Bai. Orain ere, naiko urruti ikusten dizkiagu. Arrapa ezak.
Aipatu ditudan inguru aietara belar-lanetara joaten giñanean, atzaparkada bat edo bi perretxiku gabe ez giñan etxeratzen. Bidean goazela eta gentozela ikusten genituenak artu eta etxera.
Gu ume koskorrak giñan garaian, bazan Plaentxi deitzen genion aitona iar bat. Udako perretxiku-egunetan, amaika besaotarkada perretxiku eder eramana, nioen baso oietatik. Aitona iartxo bat, betaurrekoak, txapela txiki bat kaskoan, eskuan makilla, eta besaotarra besoan artuta. Oso ezaguna zan gure baserrietan. Iñork ez zion egiten errietan.
Plaentxiarra omen zan bera, eta Plaentxi deitzen ziotela. Orain, Soraluze da erri orren izena. Bearbada, Zarautzen biziko zan. Goizean, gu jeikitzearekin bat, gora pasatzen zan taka-taka. Eta amarrak aldean, beera tapa-tapa, bere besoan otarkada perretxiku zuela.
Beste oñatiar bat ere tarteka etortzen zan. Ondo zainduko zuten perretxiku-giroa. Esan oi dan bezela, beraiek ere a zer nolako perretxikuak!

Garai batean ez zan gaur ainbat
marisko edo marisku,
baiña zuaizpe garbi aietan
nai ainbeste perretxiku.
Arranek ezik saiatua zan
Plaentxiako Patxiku.
Ura bakarrik balitz gaitz erdi,
ta Oñatiko Txantxiku?
Aitortzen zuten: «besteenetik
biltzen onenak gatxik gu».

Ondo egiten zuten. Zer arraio egingo zuten, ba? Zegoen lekutik artu. Jakiña, ba.
Gaur egun, perretxiku onddoari ematen zaio fama edo onenaren izena. Baiña gibelurdiñ, ziza ori eta aietxek berdintzekorik ere... Ni ez naiz oso jakintsua baiña.
Orain, berriz, perretxikuak aziarekin ereiten omen dituzte. Orretarako leku bereziak prestatu eta nai dan bezelakoak, gaiñera. Eta nai adiña. Baiña udazken aldeaa euri-jasa epelaren ondoren goroldio artean pagopean irteten dira aien gustorik dutenik ez degu lortuko aziarekin ereindako perretxikuetan. Lurrak ematen duen ari laga pakean, mutillak.
Arriskua ere badu perretxikuak. Ezagutzen ez bada, ez da jan bear. Badira perretxiku txarrak janda gaizki ibiliak. Ildakoak ere bai, zoritxarrez. Beraz, kontu aundiz ibili bear da or.