Tibet-eko ipuin bat

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-01-08T09_48_41-08_00

Idazleak: Amaia Elosegi eta Esther Mugertza / Irakurlea: Xabier Agirre / Iturria: Bizikletaren aienean-TXALAPARTA argitaletxea

Aita batek, honela esan zion semeari: “Seme, laster hilko naiz. Eraman ezazu neure urrea zure etxera. Zuretzat da. Baina, entzun, ez zaitez inorekin fida”

Aitak, Sonam bere semeak, emandako aholkua aintzat hartuko zuela uste zuen. Sonamek, ordea, Tamchu izeneko lagun handia zuen. Txikitan elkarrekin ibili ziren eskolan, eta arratsaldero elkarrekin aritu izan ziren jolasean. Tamchu alboko herrixka batean bizi zen emazte eta bi aurrekin.

Egun batez, Sonamek, erromesaldi bat egitea erabaki zuen. Abiatzera zihoala honela pentsatu zuen: “Aita bizirik zegoenean, inorekin ez fidatzeko aholkua eman zidan”. Tamchu bere laguna, ordea, aholkutik kanpo geratzen zela pentsatu zuen; aholkua ez zegokiola berari. Honela, urrezko pipitaz betetako bi poltsak lagunaren etxera eraman zituen eta esan zion: “Tamchu, mesedez, kanpoan nagoen bitartean, gordeidazu urrea. Aita hil zenean utzi zidan urrea duzu”.

Eta Tamchuk erantzun zion:”Jakina, kontu handiz zainduko dut zure urrea, eta erromesalditik itzultzen zarenean, hementxe izango duzu. Ez kezkatu. Lagun onak gara”.

Horrela, urte bete iragan zen eta Sonam erromesalditik itzuli zen. Tamchuren etxera joan eta: “Tamchu, itzuliko didazu nire urrea?”, galdetu zion.

“Ene, sentitzen dut, Sonam; hau da zoritxarra, hau da zorigaiztoa! Urrea hondar bihurtu da!”, erantzun zion Tamchuk, lagunari harridura aurpegiz begiratuz. Sonam, ordea, lagunak honelako istorio bitxia kontatu arren, ez zen harritu. Une batez isilik egon

ondotik, ezan zuen: “ongi da, Tamchu, ez arduratu; ahal duzuna egin duzu nire urrea zaintzeko”.

Bi lagunek elkarrekin bazkaldu zuten. Urrearen galera zeharo ahaztu zutela zirudien. Iluntzean, honela esan zion Sonamek Tamchuri: “Tamchu, familiarik ez dudanez, hilabete batzuetan zure haurrak zaindu nahi nituzke. Janari ona eta arropa eman nahi nieke. Pozik egonen lirateke nire etxean”.

“Arras ideia ona izan duzu Sonam”, esan zuen Tamchuk, eta berekiko pentsatu zuen: nire eskuetan urre guztia galdu badu ere, nire haurrak zaindu nahi ditu. Benetan lagun ona da. Eta erantzun zion: “jakina, Sonam. Nahi adina denboraz eduki ditzakezu nire semeak”.

Sonamek haurrak bere etxera eraman zituen eta arras ongi zaindu. Baina bi tximino erosi zituen eta haurren izenak jarri zizkien.

Hurrengo egunetan tximinoei,”Tendzin, hator hona” esaterakoan, tximino handiena beregana, eta “Rhupten, hator hona” esaterakoan, tximino gazteena beregana joan zitezen erakutsi zien. Tximinoek berehala ulertu eta aise ikasi zuten.

Tamchu semeak ikustera joan zenean, Sonam goibel agertu zitzaion eta esan zion: “ene, barkatu, hau da zoritxarra, hau da zorigaiztoa! Zure semeak tximino bilakatu dira!”.

Tamchu zeharo tristetu zen eta semeen izenak esan zituen. Supituan, bi tximinoak lasterka hurbildu zitzaizkion. Tamchuri eskutik heldu eta, haur txikien gisan, dantzan hasi zitzaizkion. Tamchu arras penatuta zegoen eta lagunari galdetu zion: “Sonam, zer egiten ahal dugu? Nola bihurtzen ahal ditugu tximino hauek berriz nire seme?”.

Sonam pentsakor egon zen une batez eta erantzun zion: “Erraza da, baina horretarako urre asko behar da”.

“Zenbat urre?”, galdetu zion Tamchuk.

“Bi poltsa urre pipita gutxienez”.

“Ahal bezain laster ekarriko ditut urre poltsak”, esan zion Tamchuk, eta etxerantz korrika irten zen.

Beranduago, itzuli eta urrea Sonam lagunari eman zion. Sonamek hartu eta goiko solairura igo zen. Handik pixka batera jaitsi zen.

“Hemen dituzu, Tamchu. Tximinoak berriro gizaki bilakatu ditut, zure seme”.

Tamchuk pozez zoratzen berreskuratu zituen semeak, baina errezeluz begiratu zion Sonami. Segidan, bi lagunak algaraka hasi ziren.