Sagu Printzesa

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-28T13_13_47-08_00

Testua: Ipuin japoniara - Irakurlea: Ana Martinez - Iturria: Ezezaguna

Bazen behin sagu familia bat, Japongo arrozadi handi-handi batetan ongi gorderik bizi zena. Aita nahiko harroa zen eta tribuko errege izan nahi zuenez, sagu ERREGE deitzen zioten.

Bazuen alaba bat guztiz ederra eta liraina bera, sagu printzesa. Hain zen ederra, non bere gurasoek ez baitzioten edozeinekin jolasten uzten. Ezkontzeko garaia etorri zitzaionean, bere aitak ez zuen edozeinekin ezkondu nahi, noski. Sagu batekin ez behintzat. Hori inolaz ere ez!

—Aita, eta norekin ezkonduko nauzu, orduan?

—Mundu honetako pertsonaiarik indartsuenarekin ezkonduko zaitut.

Baina, nor ote zen pertsonaia hori?

Bazuen sagu erregek osaba guztiz jakintsu bat eta harengana jo zuen.

—Nire ustez, EGUZKIA da munduko pertsonaiarik indartsuena eta boteretsuena. Hura gabe, arrosa bera ere ez baita heltzen. Zoaz eguzkiaren bila!

Eta eguzkiaren bila abiatu zen, mendirik handienaren puntatik, ortzadar baten laguntzaz. Azkenik, mendebaleko haitzuloan aurkitu zuen lotan.

—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?

—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut.  Zurekin ezkondu nahi nuke, mundu honetako boteretsuena zu baitzara, nire osabak esan didanez.

—O, bihotzez eskertzen dizut. Gustura ezkonduko nintzateke zure alabarekin baina ezin dut. HODEIA ni baino boteretsuagoa baita. Ikus bestela, aurrean jartzen zaidanean, ezin argitu izaten dut lurra. Zoaz hodeiaren bila!

Hori entzunik, hodeiarengana jo zuen eta lotan aurkitu zuen hegoaldeko haitzuloan.

—Zer nahi duzu anaia txikia?

—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi nuke, zu baitzara boteretsuena, eguzkiak esan didanez.

—O, eguzkia oker dabil. Pozik ezkonduko nintzateke baina ezin dut. HAIZEA ni baino indartsuagoa da. Ikus bestela, hark gogor jotzen duenean, aurrean hartu eta berak nahi duen lekura eramaten nau. Zoaz haizearen bila!

Hitzok entzunik, haizearen bila abiatu zen zeruan zehar eta ekialdeko haitzuloan aurkitu zuen lotan. Sartzen ikusi zuelarik, barrez galdetu zion:

—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?

—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi nuke, zu baitzara boteretsuena hodeiak esan didanez.

—O, ez naiz ni indartsuena. Hodeia oker dabil. Gizonek egin duten horma ni baino indartsuagoa da, zeren nik, neure indar guztiz ere ezin baitut bota. Zoaz HORMAREN bila!

Eta han joan zen sagu errege gizonek egindako hormaren bila. Eta arrozadi hertzean aurkitu zuen.

—Zer nahi duzu nigandik, anaia txikia?

—Nire alabaren eskua eskaini nahi dizut. Zurekin ezkondu nahi nuke, zu baitzara mundu honetako indartsuena, haizeak esan didanez.

—O, haizeak ez daki zer esaten duen!! Haitzuloan bizi den sagu grisa ni baino indartsuagoa da. Bere hortz txiki eta zorrotzez, koska eta koska, nire adreilu denak ia-ia jan ditu eta martxa honetan laster botako nau lurrera. Zoaz SAGU GRISAREN bila!

Eta ibilaldi hauek guztiak egin ondoren, sagu erregek, azkenik, bere gogoz kontra baina, beste sagu batekin ezkondu behar izan zuen bere alaba.

Eta ez uste hau asko tristetu zenik! Aspalditxotik ezagutzen zuten elkar eta behin baino gehiagotan elkar ikusi ere bai, aitaren ezkutuan.