Olentzero eta Mari Domingi

OLENTZERO ETA MARI DOMINGI

Euskal Herrian antzinatik egon izan dira neguko solstizioaren inguruko erritualak eta ohitura zaharrak. Eguberri-egunaren inguruan izaten da urteko egunik laburrena eta gaurik luzeena. Eguzki zaharrak bere azken izpiak ematen ditu, eta eguzki berria jaiotzen da. Eguberri hitzak hori esan nahi du ‘egun berri’. Gure arbasoentzat egun garrantzitsua zen eta ospakizun ugari egiten ziren.

Mari Domingi eta Olentzero dira  eguzki berriari ongietorria emateko etortzen zaizkigun pertsonaia mitologikoak.

OlentzEro mendian bizi da txabola batean, eta ikazkina da. Gizon ona, atsegina eta maitagarria da. Jatea eta edatea asko gustatzen zaio. Tripontzia da bera! Gabon egunean, etxekoak oheratu eta gero, tximiniatik sartzen da gabon suarekin epeltzera, eta, horregatik, egun horretan, garbi egon behar du tximiniak.

Mari Domingi ere mendian bizi da beste txabola batean. Artzaina da, eta gazta bikainak egiten ditu. Txabola ondoan sagastia du, eta sagar erreak jatea asko gustatzen zaio. Basoa ongi ezagutzen du, eta badaki sendabelar desberdinak nola erabili jendea sendatzeko. Emakume zintzoa eta maitagarria da, eta asko maite ditu umeak.

Mari Domingi eta Olentzero elkarren inguruan bizi dira mendian. Txabolak oso hurbil dauzkate, eta lagun minak dira; asko laguntzen diote elkarri.

Antzinean, eguberri bezperan, elkarrekin joaten ziren sua egiteko ikatza banatzera. Gaur egun, opariak ekartzen dituzte Euskal Herriko umeentzat. Zakuak jostailuz beteta jaisten dira menditik Gabon gauean, etxez etxe, poza eta zoriontasuna banatzen duten bitartean.

Berdin da eskutitza Mari Domingiri edo Olentzerori idatzi, biak dira pertsonaia mitologiko magikoak, eta bien artean egingo dute oparien banaketa.

Beraz, hasi idazten gutuna!

Mari Domingi eta Olentzero saiatuko dira zuen ilusioak betetzen.