Transmisioa eta emakumearen rola

Transmisioa eta emakumearen rola, Gasteizko Judimendiko horma-irudi berrian

Judimendiko parkeak horma-irudi berria estreinatu du Federico Baraibar kalean, oraingoan auzoaren historiari oso lotuta dagoena. Irantzu Lekue artista arabarra izan da Ahoz aho izeneko proiektuaren arduraduna, eta besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazlearen laguntza izan du.  Irantzu Lekuek erdigunean kokatuko du emakumea, eta dagokion garrantzia ematen dio bizitzaren, sinesmen eta jakinduriaren igorle bezala.

Izan ere, muralak, mitologiaren ikuspuntutik, emakumeak nekazaritzaren, hizkuntzaren eta artearen egile bezala eta tradizioen edo sinesmen transmisioan izan duen rola izango du ardatz. Gainera, proiektu muralistiko parte-hartzailea hau Jose Miguel Barandiaranek, Rosa Izizek, Felix Placerrek eta Ana Izik egindako lanetan oinarritzen da, baina baita, Martinez de Lezearen testuetan, eta Lekueren eta idazle arabarraren arteko elkarrizketetan. Era berean, artista arabarra Ekainera, Zugarramurdira, Baltzolara edo Marulegorretara joan da, leku horiek ere inspirazio iturri izan baitira.

Emakumea, ardatz

65 metroko luzera duen muralean emakumeak agertuko dira Historian zehar. Emankortasunaren jainkosa edo kreazioaren jainkotasuna ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ohituren edo errituen erakusketa izango da. Hala, pigmentuak aurkitzen, leizeak margotzen eta ahozko transmisioa lantzen dituzten emakumeak ikusiko dira. Honako hitz hauekin azaltzen digu Lekuek berak: "Ibai bat ere ikusten da. Judimendik ibaiak dauzka eta ikertzen nuen bitartean udako solstizioari lotuta dauden hainbat tradizio ezagutu ditut. Araban, adibidez, ibaian bainatzen ziren gorputza sendotzeko; iturrietan ilea garbitzen zuten gogorrago eta gehiago hazteko; iturrira edo ibaira botatzen zituzten lanabesak, aitzurrak, aiztoak, aizkorak, ilargiaren argiak zorrozteko".

Graffitia eta muralismoa

Murala egiteko bi teknika lotu dituzte: graffittiarena eta muralismoarena; batetik, Lekueren pintzelak, bestetik, graffitigileen espraiak. Era berean, auzokideen eta beste hainbat talderen laguntza ere izan du artista arabarrak.