Ama Lurra

http://aittu.podomatic.com/entry/2014-09-12T08_36_54-07_00

Elezaharrak dioenez, aspaldi kartan, Lurra ilun-ilun zegoen. Ez zen gaurik, ez zen egunik. Iluntasuna zen nagusi.

Eta iluntasun hartan, baziren izpiritu gaiztoak, izpiritu maltzurrak, beren gordelekuetatik aterata, gizakien aurka mehatxuka eta erasoka ibiltzen zirenak. Gauzak horrela, egun batez, gizaki haiek Ama Lurrarengana jo zuten, izpiritu aurka borrokatzeko laguntza eske. Ama lurrak, erreguak entzun ondoren, eta alaba bat sortu zuen, ilargia. Ilargia sortu zuen, eta horrela jaio zen gaua. Baina ilargiaren argia ez zen nahikoa izan eta izpiritu maltzurrek, izpiritu gaiztoek beren gordelekuetatik aterata, berriz ere, matxuka eta erasoka jarraitzen zuten. Eta gizakiak han joan ziren, berriro, Ama Lurrarengana, erreguka, laguntza eske. Ama Lurrak, erreguak entzun ondoren, errukituta, berriz ere, laguntza ematea erabaki zuen. Eta beste alaba bat sortu zuen, eguzkia. Eguzkia sortu zuen, eta horrela jaio zen eguna. Pozez beterik, bihotz bihotzez eskertu zuten gizakiek argitasun hura. Baina eguzkia, lurraren magalean, atseden hartzera sartzen zenean, gaua jaiotzen zen, eta gauarekin batera gaizkile gaizto eta maltzur haiek, beren gordelekuetatik atera, mehatxuka eta erasoka jarraitzen zuten. Hirugarren aldiz jo zuten gizakiek Ama Lurrarengana, erreguka, laguntza eske: Ama Lurra, Ama Lurra, lagundu iezaguzu izpiritu gaiztoek erasoka jarraitzen dute–eta! Ama Lurrak, erreguak entzun ondoren, errukituta, berriz ere laguntza ematea erabaki zuen. Eta oraingoan, oso gauza berezia sortu zuen, Eguzkilorea. Eguzkilorea sortu zuen, eta agindu bat eman zien gizakiei: jar zezatela Eguzkilorea etxeko atariko atean izpiritu gaizto haiengandik babestuak izateko. Eta halaxe egin zuten gizakiek. Eta halaxe gertatu zen. Ez zuten gehiago gaizkile haien mehatxurik eta erasorik izan. Harrez geroztik, gizakiak, lasai eta bake ederrean bizi izan ziren!