Kirmen Uribe - Eskalea

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-21T14_10_07-08_00

Irakurlea: Maribi Urkola - Iturria: BERRIA egunkaria

Amonak eskaleak hartzen zituen etxean. Halaxe kontatzen du behintzat amak. Haurrak zirelarik kalean burla egiten zioten aldian-aldian etortzen zen eskaleari eta gero etxera bueltatzean eskale bera aurkitzen zutela etxean, eskaratzean.

Amonak zorriak kentzen zizkien eskaleei iletik eta hankak beratzen jarri eta hatz oskolak mozten zizkien gero. Etxetik atera aurretik diru apurra ere ematen zien. «Tori diru hauxe, ardotarako». Ama harritu egiten zen, galdetu egiten zion amari zergatik ematen zion eskaleari ardotarako dirua, edanak kalte besterik ez zion egingo eta. «Gorputzak eskatzen dio ardoa», erantzuten zion amari amonak, «gainera barrua berotuko dio ardoak».

Ondarroan egon naiz egunotan. Eta neguak bi berri ekarri ditu herrira, besteak beste. Alde batetik, konturatu naiz ubarroiak ailegatu direla. Saturrarango haitzetan igarotzen dute negu hotza. Hantxe egiten dute habia itsas hegazti handi horiek. Beste alde batetik, eskale bat iritsi da herrira. Plazan egoten da gehienetan. Pintatu egiten du lurra eta holaxe lortzen ditu sosak. Errege bezperan oparia jaso zuen berak ere. Ezohiko oparia. Plazan ikusi nuen lo-zakuan sartuta eta gabonetako otzara erraldoi bat ondoan zuela. Itxura guztien arabera, zozketa batean norbaiti egokitu eta erregalatu egingo zion otzara. Irudi bitxia egiten zuten eskaleak eta girnaldaz apaindutako otzara hark plazaren erdian. Amona falta da baina oraindik ere bada borondate oneko jenderik.


 

Kirmen Uribe