Pako Aristi - Haurtzaroaren negarra

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-25T14_04_37-08_00

Irakurlea: Itziar Garmendia - Iturria: EGUNKARIA

Lehen lagun nituen neskak orain ama bihurtu zaizkit. Ez nire eraginaz, noski. Eta era berean, lagunago egin nahiko nukeen ama jende asko ere ezagutzen dut. Denek kontatzen didate gauza berbera, eta neronek ikusia dut etxean ilobekin: gaurko umeak izugarri aspertzen dira.

Hori da gaurko umeen negarra; sofan etzan eta oihukatzen dute: «Aspertuta nago».

Ni ez naiz gogoratzen umetan inoiz aspertzen nintzenik, baina oroimena ahanztura gozoz beteriko amarru bat besterik ez denez, amari joan nintzaion itaunka. «Ez -erantzun zidan-, nik ez nizuen inoiz entzun aspertuta zeundetenik». Alderantziz gertatzen zen gure haurtzaroan; oihuka hasten zitzaizkigun gurasoak etxeratzeko aginduz, afaldu edo zer edo zer egiteko. Garai hartan ez zen gaur adina bizikleta, eta bertan ibiltzeko txanda bila (edo eske) ibili beharra zegoen.

Bazter guztietan aurkitzen genuen misterioren bat, erreka-zuloetan beldurtzeko motiborik bazen, txabola zaharren bat aurkitzea abentura zen, eta sagarrak harrapatzeko arbolara igo beharra zegoen norbait, hark arbola dantzatu eta behekoek bilketa egiteko. Gauza aspergarri bakarra zegoen: meza entzutea.

Ia ezer materialik ez geneukalako, gure imajinazioarekin osatzen genuen hutsunea. Lehen arboletan soilik ikusten genituen frutak gaur egun haurrak supermerkatuan dakuski denak, denak eskura. Era guztietako artilugio, jostailu eta objekturekin bete ditugu haurren gelak, haurren bizitzak. Haien imajinazioa antzutu egin dugu, eta horren aurka eskoletako ahalegin pedagogikoek ez dute ezertarako balio izan.

Guk ezer ez geneukalako, nobedadearen bila ateratzen ginen. Gaur, umea, dena eginda jasotzen ohitua dago, eta ez dauka ezeren bila abiatzeko arrazoirik. Eta zure bizitza nolabait osatzera edo edertzera bultzatzen zaituen indar hori gabe ez dago imajinaziorik, ez dago sormenik, ez dago betetasunik bizitza horretan. Ez dago harridurarik. Gaur egun haur bat harritzeko oso urrun eraman beharra daukazu, oso gauza xelebreak ikustera. Nik iloba motoan karrera batera eraman nuen eta aspertu egin zen. Ezin genuen sinetsi: motoan, karrera bat ikusten, AS-PER-TU?

Ez dakit gure haurrekin krimen handi samarra ez ote garen ari egiten, zer mundu eskaini diegun ikusita.


 

Pako Aristi