Kirmen Uribe - Lehena

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-27T13_35_46-08_00

Irakurlea: Jose Mari Arnal - Iturria: BERRIA egunkaria

Charles Darwinek ez zuen presarik hartu liburua argitaratzeko. Ia hogeita hamar urte behar izan zituen Espezieen Jatorria lana bukatzen. Liburu hartantxe azaldu zuen eboluzioaren teoria ezaguna. Argitaratu aurretik, anotazioak besterik ez zituen idatzi.

1858an, lana bukatzear zuela, ezusteko bat izan zuen Darwinek. Wallace izeneko ezagun batek artikulu labur bat bidali zion, erregutuz Lyell editoreari helarazteko. Lyell zientzia editorerik entzutetsuena zen eta Darwinen lagun mina. Darwinek ezin zuen sinetsi: Wallaceren artikuluak eboluzioaren teoria zekarren. Aurrea hartu zion ustekabean. Darwin beldurtu egin zen une batez. Wallaceren lana argitaratuz gero, pentsatu zuen, akabo hogeita hamar urteko lana. Baina lasaitu egin zen berehala. Bazituen bestelako kezkak. Alaba gaixorik zeukan. Eta Lyelli bidali zion Wallaceren artikulua. Lyell kezkatu egin zen lagunarekin. Askotan entzun zion Darwini eboluzioaz hitz egiten, eta behin baino gehiagotan egin zion errieta liburua behingoz buka zezan. Lyellek erabaki bitxia hartu zuen: Wallaceren lana argitaratu egingo zuen eta Londreseko Linnean Society elkarte ospetsuan irakurriko zuten. Baina egun berean, Darwinen anotazioak ere irakurri egingo ziren. Wallaceren artikuluak ez zituen bazterrak nahastu. Ez zuen sinesgarritasunik. Erokeriatzat hartu zuten. Azkenik, bi urte beranduago atera zen Darwinen lan eskerga. Ordura arteko zientzia goitik behera aldatu zuena. Batzuetan, inportanteena ez da lehena izatea.


 

Kirmen Uribe