Kirmen Uribe - Madarikazioa

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-28T13_00_19-08_00

Irakurlea:Miren Ormazabal - Iturria: BERRIA egunkaria

Ez pentsa, autobusean joateak baditu bere alde onak. Paisaiaz goza dezakegu eta baita atseden hartu ere, aldi baterako.

Eta ausaz, aspaldiko lagun bat egokitu ahal zaigu autobus berean eta haren alboan eseri eta garai bateko kontuez hitz egiteko aukera izan ahal dugu, zorterik bada. Gutxitan jazo ohi dira horrelakoak baina lantzean behin gertatu gertatzen dira. Halabeharrak gordetzen digun ezusteko atsegin horietako batzuk izaten dira horiek. Bidaia beteko solasaldia izan genuen lagunak eta biok. Honetaz eta hartaz hitz egin genuen. Kexu ageri zitzaidan adiskidea. Nonbait gaur egun ez gara hain erraz asebetetzen. Karrera bukatu, lan ona lortu eta seme-alabak izan arren, esaten zidan gure artean asko eta asko direla barne-patxadarik sekula ere erdiesten ez dutenak. Beti beste zerbaiten pentsamenduan daudela beti, eta badaukatenari ez diotela garrantzirik ematen. Ez omen daude inoiz beraien buruarekin bakean.

Mateo txisturen ipuinarekin gogoratu nintzen berehalaxe. Mateo txistu apaiz ehiztaria zen. Ehiztari amorratua, benaz. Behin, meza esaten zegoela erbi bat ikusi eta haren atzetik joan omen zen apaiza. Geroztik, hor omen dabil Mateo txistu apaiza, beti erbi baten atzetik, mundu osoan zehar bira eta bira, erbia noiz harrapatuko. Baina ez du inoiz erbia ehizatzen. Horixe zen haren madarikazioa, beti erbiaren atzetik ibili behar hori. Badirudi gu geu ere halaxe gabiltzala, madarikazio bera dugula.


 

Kirmen Uribe