Ezezaguna - Animaliak

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-21T15_06_28-08_00

Irakurlea: Itziar Garmendia - Iturria: ezezaguna

Bitxia iruditu izan zait beti gizakiok animaliekiko dugun jarrera. Tira, horrela esanda, gezurra da hori. Antzinako gizakiena, beste herrialdeetakoena, baserritarrena..., askoz naturalagoa iruditzen zait.

Bitxia egiten zaidana, zehazki, zera da: gaur egun mendebaldeko herrialde garatuetan kalekumeok animaliekin dugun jarrera.

Alde batetik, hor daude konpainiako animaliak. Zakurrek, esaterako, ondo markatuak dituzte hirietako plaza, espaloi eta bazter guztiak. Batera eta bestera ibiltzen dira, ustezko jabeak atzetik dituztela, zakurrak nagusi, eta jabeak esklabo. Eta nago ez ote diren, alde horretatik, hutsune afektibo nabarmen baten betegarri. Gizakion arteko harremana gero eta hotzago, gero eta urrunago, gero eta exkaxagoa dela hirietan, alegia, eta animaliekin ez ote duen zenbaitek maitasun premia ase nahi izaten. Gainerakook, aski lan dugu zakur kakarik zapaldu gabe ibiltzen. Eta, horrelakorik ez egiteko behera begira baldin bazoaz, larri ibili ez ote dizun hiriko usoren batek bere grazia, zirin osoa, kokotetik behera isuriko.

Hori batetik. Bestetik, berriz, harrigarria da, berez maitagarritik ezertxo ere ez duten animaliei diegun kariño txepel, melenga, belaxka hori. Zer, eta satorrak maite? Galdetu, galdetu baserritar bati, edo galdetu bestela benetako satorren bat etxeko izan duen edonori... Jakina, zinemak egin dizkigu satorrak (satorrak ere) maitagarri eta kuttun. Hobeto esan, Walt Disney jaunak egin dizkigu horrelako animaliak maitagarri eta kuttun, Hollywoodeko bere estetika txepel, melenga eta belaxkaz. Eta, aitor dezagun, asko dira satorrak pantailan baino ikusi ez dituztenak. Gaur egungo gazte kalekumeari gertuagokoak zaizkio elefante, krokodilo eta hipopotamoak, oiloak baino. Eta jateko ere, nahiago izaten dute haragi txepel, melenga eta belaxkadun oilasko klasea, baserrikoa gogorregia zaie-eta.

Eta gero daude desagertzeko zorian dauden animaliak: Igeldoko igela, arranoa, otsoa. Sartaldeko Pirinioetan, esaterako, oso hartz gutxi geratzen omen da: dozena erdi bat edo, gehien jota. Nafarroan, Erronkari inguruetan inoiz edo behin agertzen denak bi agerraldi egin ditu joan den apirilean: Izaban bata, eta Garden bestea. Denera, bost bat ardi eta ahun­tzen bat edo beste akabatu ditu 280 kiloko hartz ar horrek. Hala ere, hain dugu maite, non izena ere jarri diogun: Camille. Ez dakit benetan ote dagoen desagertzeko zorian, baina benetan desagertzeko zorian dauden gizaki askok baino zori hobea du Camillek, milioika lagun hiltzen baita munduan egunero, goseak, gerrak eta gure axolagabekeriak jota, eta horiei izenik ere ez diegu ezagutzen,

 

 

izen baten jabe izateko eskubiderik ere ez diegu aitortzen. Hiltzeko eskubidea aitortzen diegu soil-soilik, eta isilik hiltzekoa, gainera.

Ez nago ni animalien kontra. Bai, ordea, animalien eskubideak gizakion eskubidean gainetik jartzearen kontra. Bestela, aurki ugalduko zaigu Von der Graf horren moduko jendea. Von der Graf hori, izan ere, Pim Fortuyn Holandako ultren liderraren ustezko hiltzailea ez ezik, animalien zapalkuntzaren kontrako muturreko militantea da. Belarjalea bera, animaliak jatea krimen larritzat daukana. Horra zertara iritsi garen.

Ez nago ni animaliak torturatu edota hiltzearen alde. Are gutxiago, ordea, pertsonak torturatu edota hiltzearen alde. Martxa honetan, aurki hasi beharko dugu aldarrikatzen gu ere animaliak garela azken batean, eta animaliak adina eskubide badaukagula gizakiok ere duintasunez bizi eta duintasunez hiltzeko.


 

Ezezaguna