Agota Kristoff - Amona

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-01-07T11_38_25-08_00

Irakurlea: Txaro Navarro - Iturria: Kuaderno handia

Amona Amaren ama da. Haren etxera bizitzera etorri aurretik, ez genekien amak ama bazuenik artean. Guk Amona deitzen diogu. Jendeak sorgina deitzen dio.

Berak «txakurkume» deitzen digu. Amona txikia eta iharra da. Buruzapi beltz bat du buruan. Haren jantziak gris ilunak dira. Oinetako militar zahar batzuk erabiltzen ditu. Giro ona egiten duenean, oinutsik ibiltzen da. Aurpegia zimurrez, orban arrez eta garatxoz beterik dauka, eta garatxoetan ileak hazten zaizkio. Ez du hortzik; ikusten denik ez, behinik behin. Amona ez da inoiz garbitzen. Ahoa buruzapi ertzarekin lehortzen du, zerbait jan edo edan ondoren. Ez du azpiko galtzarik erabiltzen. Pixagale denean, dagoen tokian gelditu, hankak zabaldu eta lurrera egiten du pixa, gonapetik. Etxe barruan, jakina, ez du halakorik egiten. Amona ez da inoiz biluzten. Haren logelan begiratu izan dugu gauean. Gona eranzten du, eta beste gona bat du azpian. Atorra eranzten du, eta beste atorra bat du azpian. Horrelaxe oheratzen da. Ez du buruzapia kentzen. Amonak ez du askorik hitz egiten, iluntzean izan ezik. Iluntzean, botila bat hartzen du apal batetik; zuzenean edaten du botila-muturretik. Luze gabe, ezagutzen ez dugun hizkuntza batean hasten da mintzatzen. Ez da atzerriko militarrek hitz egiten dutena, zeharo bestelako hizkuntza bat baizik. Hizkuntza ezezagun horretan, amonak galderak egiten dizkio bere buruari, eta berak erantzuten gero. Batzuetan barre egiten du, edo, aitzitik, haserretu eta garrasika hasten da. Azkenean, ia beti, negarrari ematen dio; logelara joaten da balantzaka, ohean amildu, eta zinkurinez ari dela entzuten dugu gauean luzaroan.


 

Agota Kristoff