Arantxa Iturbe - Hau pasada bat da

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-01-07T11_58_40-08_00

Irakurlea: Itziar Garmendia - Iturria: Ezer baino lehen

Aitortuko dizuet kolore horia ezin dudala ikusi. Ez da sekretu bat. Mundu guztiak badaki hori dagoeneko.

Oso ondo ulertzen dut, futbolistek eta espektakulu munduko edonork dion gorrotoa, eta ez nau batere harritzen zorte txarra ekartzen duen kolorea dela dioen uste horrek. Neroni ere halaxe ekarri dit azkenean.

Ez dakidana zera da: zergatik diodan horrelako gorrotoa. Amak kontatu izan zidan, txikitan, banuela soineko itsusi xamar bat, Brasilen misionera zegoen izeba monja zaharrak ekarria, eta sekula ez nuela jantzi nahi izaten. Horia omen zen. Baina ez dakit itsusiagatik edo horia izateagatik baztertzen nuen. Edo horia ordudanik bihurtu ote zitzaidan gorrotagarri. Ez dut kezka hori argitzeko modurik izan, psikologo bat baino gehiagorekin hitz egin arren. Platanoak ere gorroto ditut noski, ezagutu nituenetik. Baina soinekoarekin gertatzen zaidan gauza bera gertatzen zait hauekin ere. Eta limoiekin zer esanik ez! Beldurtu egiten omen nintzen haurra nintzela limoi bat ikuste hutsarekin.

Aipatu dut psikologo dexente ezagutu ditudala arazo hau dela eta, ez? Beno, arazoa, beraien ustez. Niretzat gustu kontu bat besterik ez da, baina familia ere pixka bat larritu zen kanarioarena gertatu zenean, eta orduan hasi ziren pentsatzen gusto kontua baino, arazo gehiago ote zen. Ez zen beste munduko ezer pasa. Aldameneko bizilagunak oporretara zihoazela eta, kanarioa utzi ziguten etxean. kaiola eta guzti. Gaztetxoa nintzen artean, eta pozoindu egin nuen txori zikin hura. Horia izateaz aparte, isildu ere ez zen egiten madarikatua! Uste dut etxe guztia zoro moduan ibili zela hura adina kantatuko zuen baten bila. Ez naiz akordatzen zertan amaitu zen historia, baina gertakizun hura izan zen lehendabiziko aldiz psikologo batengana hurbildu ninduena. Saiatu zen nire memoria arakatzen baina ez zuen ezer garbirik atera.

Bigarren aldiz ere, familiak bultzatuta joan nintzen. Helduxeagoa nintzen orduan, eta ezkontzekotan nenbilen. Manuelekin. Mutil prestua zen Manuel hura, ezin ukatu. Baina eskerrak ez nuen harekin bukatu! Ez zidan ba ezkontza baino astebete lehenago beroki hori bat erregalatu? Zer, eta berokia? Ezetz esan nion. Ez nuela berarekin ezkontzeko asmorik alegia. Eta ez nintzen ezkondu. Bertan behera utzi nituen plan guztiak. Etorkizun ederra izan behar nuen bi urtez nobiotan ibili eta beroki horia oparitzen zidan gizonarekin! Gogoan dut nola saiatu zen hura ere, broma txiki bat izan zela esplikatzen, ea horia ezin nuela ikusi ez al zekien galdetu nionean. Kolore hartako bromarik ez nuela onartzen erantzun nion eta kitto.

Berriro bidali ninduten psikologoarengana. Neronek gehiago dakit gizarajo hark baino, eta garbi dago, hark ere ezer gutxi konpondu zuela.

Beste hamaika anekdota edo pasadizo ere konta ditzaket horiak eta nik izan ditugun harremanei buruz, baina ez du merezi orain horretan hasteak. Lehen ere esan dut, gauza jakina dela, eta hemen inguruko edonork duela horren berri.

Ez da gaixotasun bat. Gustu kontu bat baizik. Adibidez, Aitor jaio zenean sekulako disgustua izan nuen: ilehoria atera zen, destinuak egiten dituen joko petral horietakoren baten ondorioz (genetikaz beltza atera behar baitzuen; ez berak, bere ileak alegia).

Hari ere azkar demonio aurkitu nion soluzioa: beltzez tintatu nion astebetera. Lan ederrak hartu nituen koxkortu arte hilean behin tintatu behar hartan. Baina ez ninduen lanak beldurtzen. Erotzat jo ninduten askok, baina aizue, ama askok ez al die agua-oxigenada botatzen umeei rubioak izan daitezen? Besterik ez nuen egin nik; alderantziz, baina gauza bera.

Batek baino gehiagok bromak ere egin zituen, ume gajoak hepatitisa harrapatzen bazuen akabatu egingo nuela esanaz. Suertez ez zen horrelakorik gertatu. Halere, gehienek pasada bat zela esan zidaten.

Pasada bat! Pasada bat, niri gertatu zaidana da. Duela astebete eskas, auzoan dagoen jatetxe txinoko jabea aurkitu zuten hilda. Labankada batez. Ez nuen ezagutu ere egiten, ez nintzen sekula jatetxe hartara sartu. Dirudienez, poliziak ezin izan du hura nork hil zezakeenari buruzko aztarnarik aurkitu. Ez zioten dirurik lapurtu antza, ez zeukan inorekin saltsa arrarorik, etsairik ere ez... Eta zer bururatu zaiela uste duzue? Pentsatu duzuen gauza bera: nik hil dudala. Eta hementxe nago, etxean sartuta, preso bat banintz bezala. Ez naute kartzelara eraman, probarik ez dagoenez, ezin dutelako. Baina ni neu naiz susmagarri nagusiena, eta sentitzen dut, baina hau bai: hau pasada bat da.


 

Arantxa Iturbe