Anjel Lertxundi - Neska bat ezkontza jantzian

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-01-07T13_24_29-08_00

Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: ezezaguna

Neska bat etxetik irten zen ezkontza-jantzian. Eliza aldera zihoan. Eguzki beteak pozezko distirak eragiten zituen haren organdizko soinekoan. Tragediarik ekarri ezin duen egun argitsu horietako hark gorenean zuen eguzkia.

Auzoek bazekiten neskak hiru lau bat urte zeramatzala senargaiarekin, eta denek zoriontzen zuten.

Neskak, ordea, elizako bidea alde batera utzita, itsasoko bidea hartu zuen. Baina orduan ere, bidean topatu zituen gehienek  zoriondu egin zuten; oso politak izaten dira txalupa gainean, edo sare artean, edo hondarretan eta oinutsik ateratako eztei-argazkiak.

Herritik kanpoko errepidean harri alde gainean zintzilik dauden horrelako balkoitxo batera hurbildu zen neska. Itsasoa lasai zegoen. Olatuek ez zekarten indarrik.

Inork ez zuen ezer harrigarririk sumatu neskaren jarreran. Negar egiten zuela, bai, baina eztei egunetako negarra hain da pozaren bidelagun! Nork pentsatu behar zuen goiz hartan bertan senargaia galdu zuela auto istripu batean?

Eta inork pentsatu izan balu ere, ordurako berandu zen.

Biharamunean  aurkitu zuten neskaren gorpua harkaitzen arteko soilgune urtsu  batean. Aldare aurreko eztei-jantzia bezain eder edo ederrago ikusten zen organdizko hil-izara uraren gainean.


 

Anjel Lertxundi