Andoni Egaña - Eguraldia

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-25T13_47_11-08_00

Irakurlea: Pako Eizagirre - iturria: "Aitaren batean" ELKARLANEAN

Eguraldiari garrantzi handia, handitxoa igual, ematen diogulakoan nago.

Irratiek behin eta berriz errepikatuko dizute hotz beroaren zenbatekoa, euririk ari duen ala ez, haizeak nondik jotzen duen... Telebistan ere, egunero gizonezko bat eta asteburuetan zigarro-­papera baino meheagoko emakume bat azalduko zaizkigu egunekoaz gain biharamuneko eguraldiaz mintzatuz.

Eta horiek gutxi balira, azti eta artzain elkartu zaizkie. Aztiena jakina da, etorkizuna igartzetik bizi dira eta. Baina, artzaiena? Martxa honetan gure seme-alabek artzaia noizik behin irratian edo egunkarian agertzen den eta eguraldiaren berri ematen digun pertsonatzat hartuko dute eta ez ardiak larrera eraman eta gazta edo mamia egiten dituen gizontzat.

Gabonetan gertatu zitzaidan: bi ilobekin jaiotza handi horietako bat ikusten ari ginela, txikienak "hau zein da", "zein da beste hori", "eta hura?” galdetzen zuen, eta handienak, ustez jakitun, bat jesusito zela, bestea aingerua, hango adardun hura idia, erantzungo zion. Ardiz inguraturiko pertsona horren txanda heltzean, "eta hori, zein da?" bota zuen txikiak galderak egiteko zuen trebetasun eta aguante bereziaz.

"Hori artzaina", erantzun zion haziagoak.

"Artzaina, joe! Eguraldia asmatzen duena!"

Eguraldiaren gaineko berri-pila hauek goizetan ateratzen gaituzte gure ohetik, gure onetik. Hiru gradu eta euria zar-zar ari duela esango dizu irrati-iratzargailuak txirrinaren ondotik. Eta ez da inor konturatzen graduek eta euri zaparradek bost axola digutela. Jaiki/ez jaikiko une horietan barne-eguraldiak agintzen du, ez kanpokoak. Batzutan jaikitzeko beldurrak ibiliko gara, konpromiso handiren bat, lan bukaezina edo gogoz kontrako zerbait dugulako egunean zehar. Hurrena, ohetik zutitzearen momentu grabea maitearekin dugun zitak, espero dugun opariak, edo gauez ikusiko dugun futbol-partiduaren oroitzapenak goxatuko digu.

Eta hotz-beroari ez diogu jaramonik egingo, pertsonaren termometroa bestea da eta. Hori bai: eguraldiarena objetiboa den bezala da barrengo giroarena guztiz subjetiboa.

Beldurrak aidean jaikitzen zaren egun horietako batean igual dena primeran irtengo zaizu eta baita alderantziz ere, maitea zitara azaldu ez delako, oparirik ez zaizulako iritsi, edo futbol-partidua zen garaian argia joan delako.


Andoni Egaña