Karmele Jaio - Auto-estima

http://aittu.podomatic.com/entry/2009-02-11T15_45_12-08_00

Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: Diario de Noticias

Geure buruaz dugun iritzia hobetzeko lagungarri ei diren liburuz beteta daude liburu-dendetako apalak. Auto-estimua hobetzeko teknikak eta gomendioak jasotzen dituen hamaika liburu dago, "Izan zaitez zu eta irabazi" eta horrelako izenburuekin.

Eta asko saltzen omen dira, gure gizartean bere burua behar bezala estimatzen ez duen pertsona asko dagoenaren isla, akaso. Norberaren buruaz iritzi ona izatea ondo dago, eta ez dut nik era honetako liburuen kontrako ezer, baina iruditzen zait zenbaitzuen auto-estimua jaisteko liburuak ere idatzi beharko liratekeela. Badirudi gure gizartean penagarritzat jotzen dela batek bere burua gutxiestea, baina nik uste penagarriagoa dela batek bere buruari garrantzia gehiegi ematea. Nekagarria izateaz gain, barregarri ere geratzen da askotan bere buruaz behin eta berriz hitz egiten duena. Halako lagun bat aurkitu nuen duela gutxi. Ohiko agurren ondoren, bere buruaz hitz egiten hasi zitzaidan: lanpostu berria duela, Brasilen egon dela oporretan… Eta zu zelan? galdetu zidan halako batean, baina ez zuen erantzunik espero, galderaren ondoren, bere buruaz hitz egiten jarraitu baitzuen. Ikaragarria dela Brasil… Honek ez du auto-estimua indartzeko libururik behar, pentsatu nuen. Bere buruaren aipua egiten duen pertsona da nire laguna: Begira, nik esaten dudan bezala… Eta inoiz bere buruaz hirugarren pertsonan ere hitz egin du. Eta hori bai dela jasanezina. Horregatik uste dut "Ez zara uste duzun bezain ona" edo "Zure bizitza ez da uste duzun bezain interesgarria" bezalako liburuak idatzi beharko liratekeela. Nik behintzat badakit nori oparituko niokeen bat. Eta ziur zuek ere baduzuela buruan horrelako oparia merezi duen norbait. Ziur baietz.


 

Karmele Jaio