Ezezaguna - Inaxio maitia (gutuna)

http://aittu.podomatic.com/entry/2010-10-18T09_10_15-07_00

Irakurlea: Iolande Ostolaza - Iturria: ezezaguna

Zemouz zaude? Beti bezela irrifartsu ta alai, seguruna! Izketan baño geyo bertsotan iten, ingurukuak nazkatu arte! Ni, ze esangoizut ba, ondo ez. Betiko martxan.

Bakizu, nobedade andirik gabe. Esnatzian, gosaldu, ta rebista txoro oyek letzen ematen det goiz erdiya, telebistai beira ezpada. Ta gero, bazkaya iten distraitzen naiz, radiyua piztuta detela. Konturatu naiz, asko laguntzen didala norbaiten aotsa gertutik aditziak. Ez dakizu zuk zer dan norbean urratsen oiartzuna bakarrik entzutia! Isiltasunak ematen baitu bakardadian neurriya, Iñaxio, isiltasunak.

Eguerdi partian beintzat, gure Kontxita etortzen zait bisitan nola nagon ikustera ta kontu batzuk esaten dizkit ta zerbait distraitzen gera sikiera. Lenguan, gañera, Ainararekin etorri zan. Ze maja dagon gure biloba, Iñaxio. Or ari da inglesa gora ta inglesa bera, 5 urte besterik ez dazkan arren. Izan’e orain eskoletan inglesa ta frantsesa, euskera baño leno erakusten baitiyete. Ola altxako degu euskalerriya, bai, zuk esaten zendun moduan. JELOU amona esaka sartu zan etxian, EGUNON natual bat esan biarrian. Ta agurtzian’e, GUKBAI eo olako zerbait esan zian. Nik’e alaxe erantzun niyon. GUK’E BAI! Ta antxe jun zan gustoa!

Gañuntzian, ba ori, alako debilidade punttu bat sentitzen det, baña normala da ori, meikuak ardua ta pastelak ta gustatzen zaiten guztiya debekatu baitit. Zerbaiten pozakin’e bizi berko deu ba guk’e! Obe lueke meiku auek geatzen zaigun apurra ondo bizitzen lagatzia, apur ori alperrik luzaaaatzen saiatzia baño. Ze luzatzia ez dakit lortuko duten, baña luzio iruitzia seguru nago baietz! Enfin, ze esangoizut ba zuri, ortik pasatakua zera ta zu’re.

Ai, Iñaxio, zure falta somatzen det ikiaarri. Bakarrik sentitzen naiz, Iñaxio. Lenguan, igandero bezela alabak pasiara atea nindunian, Tenteneko baserriya zegon lekutik pasa giñan. Zegon diyot, orain MAXI oyetako bat baitao bere ordez. Ez dezu sinistuko baña nearrez asi nitzan txoruan moduan. Tenteneko metan atzian lardaxkan nola ibiltzen giñan gogoratu nitzan derrepente ta ezin izan niyon nearrari eutsi. Ayek bai garayak, Iñaxio, ayek bai garayak. Ta segidan, Ayako mandiyuan naiko dantza inda gero, Santa Barbara ermitaraño jun giñan artakuaz oroitu nitzan. Nola euritan in gendun bide guztiya, eskutik elduta, Zarautz gañian trumoyak ta tximistak eroitzen ikusteko. Goraño nola iritsi giñan ezurretaraño bustita ta nola besarkatu ninduzun euri azpiyan. Ta an, Zarautz lanbrotu ura beyan, ta trumoi ta tximista ayek buru gañian kolpeka genitula, nola eman zenidan iñoiz eman didazun musurik gozoena. Oraindik goguan det zure ezpain bustiyen kontaktu beroa. Ezetasun otz arren berotasuna. Ta nola belar busti aren gañian bat egin gendun, gure asierako arnasestua, trumoi otsen gañetik Zarautz guztiyan entzuterañoko ulu ta aiene biurtu arte. Pasatako pulmoniya naiko kastigu izango ote zan Goikuak eramaten gaitunian egindakuak kontuan ez artzeko!

Ai, Iñaxio, barre egiten det orain au eskribitzen ari naizela, baña lengo igandian ezin izan niyon nearrari eutsi. Ta gure Kontxitak zer nun galdetzen zian, zer nun horrela jartzeko. Nola esplikatu bear niyon nik burutik pasatzen ari zitzaitena? Nola esan zure eguneroko kariñoa falta zaitela. Senitarteko batek emateik ez dun kariño berezi ori. Falta zaitela. Bear detela. Nola esplikatu zure zurrunkak bear ditutela loak ar nazan. Tartian-tarteko zure petralaldiyak. Inguruan zaudela somatzeko. Or zaudela sentiaraziko didaten zure marmarrak gutxienez! Nola azaldu bear niyon zure albuan esnatzia baño gauza zoragarriyagorik ez dagola munduan. Begiyak irikitzian zure azal ximeldua nirearen ondoan aurkitzia. Sentitzia. Ezer ez zitzaitela pasatzen esan niyon malkuak sekatzen zizkidan bitartian. Uzteko pakian.

Erotzen asiya naizela pentsatuko zun. Ta arrazoi izango du igual. Zertan ari ote natzaizu bestela, nora bidali ere ez dakiten karta au eskribitzen. Agiyan zure izena jarri ta karteruak jakingo du nora eraman. An egongo zera, seguruna San Antoniyon onduan, gure billobak ea ondo arrejuntatzen ditun bijilatzen. Beti gustatu izan baitzaizu kontu oyetaz enteratzia, beti izan baitzera kuskusero xamarra, Iñaxio. Kuskusero zoragarriya, dudarik gabe.

Ba, orixe jarriko det postazalian, bai. Iñaxio Martirikorena. Zerua. San Antonion ondora. Ta, depaso, musu bat bialiko dizut kartakin batera. Santa Barbarako artan erraietan iltzatu zenidana bezelakoa. Euri azpiko muxu bat zure billoben inbirik izan ez dezazun ni allatzen naizen bitartian.

Lasai, Iñaxio, segituan naiz ta or. Aztu ezin zaituen, Margarita


Ezezaguna