Joseba Sarrionandia - Eulia

http://aittu.podomatic.com/entry/2012-01-10T02_53_27-08_00

Irakurlea: Iñaki Otaegi - Idazlea: JoseBa Sarrionandia

Heriotza zigorra erabakita zegoen, apelaziorik gabe, eta abisua emana zitzaion kondenatuari. Goizaldeko seietan urkatuko zuten, eta orduaren zain zegoen, ziegan.

Kriseilua pizturik uzteko mesedea egin zioten, lo egin nahi ez zuelako. Itzarrik galdu nahi zuen bizirik egoteko geratzen zitzaion denbora apurra. Papera eta tinta eskatu zituen bakarrik eta berehala ekarri zizkioten mahaira papera, tintontzia eta luma, baina hantxe mahai gainean geratu ziren, ukitu gabe, idazten ez zekielako.

Kondenatua ez zen lodia ez argala, ez zen txikia ez altua, ez zen beltzarana ez ilehoria, gaztaina kolorekoa zuen ilea. Bere gogoaren ja be ematen zuen, bere gogoetóetan ziega kantoiko amaraunari begira geratu zenean. Goiz zen oraindik, goizeko hirurak edo laurak ¡zango ziren. Kantoian, amaraunaren aldamenetik zintzilik, arra bete beherago, armiarma ikusten zen, armiarma sabel handi, zango luze, begi jatunekoa.

Eulia ere han zebilen kriseiluaren inguruan hegaldari. Arriskuaz ohartu gabe zebilen airean hegan jira eta biraka, zirkulu bihurriak diseinatuz. Halako batean, beldurrik gabe jaitsi zen airean behera eta bihurgune zarratuegia eginik abiatu zen behetik gora, igoera erdi itsuan, harik eta kondenatuaren esku ahurra jo zuen arte.

Horrexetarako aspalditik prest izan balu bezala itxi zuen kondenatuak eskua, eulia esku ahurrean harrapatutakoan. Gero, ukabila erdi zabaltzen hasi zen, kontuz, euliak ihes egin ez zezan. Euliari begira geratu zen luzaroan, epaitu behar balu bezala, eta gero, bi hatzez helduta, hegalak erauzi zizkion. Euli hegalik gabea izter gainean utzi eta belaunerantz hasi zitzaion ibiltzen. Kondenatuak mahai gainetik papera hartu^eta zeharo trakets mugitzen zen euliari paper zuri hori hormatzat jarririk zarratu zion bidea. Euliak jiratu eta kondenatuaren izterretik gerrirantz egin zuen, baina kondenatuak paper zuriaz itxi zion berriro bidea.

Orduan kondenatua ziega kantoirantz begira geratu zen, kriseiluaren argiak horiztatzen zuen amaraunari eta haritik zintzilik amarauna baino arra bat beherago zegoen armiarmari. Loarena eginez zegoen armiarma, bere irazki itzelaren alboan, baina begiak ondo zabalik eta euli gatibatu eta jipoituari disimulurik gabe begira.

Kondenatuak, eulia bi hatzen puntan hartu eta jaurti egin zuen amaraunera. Han geratu zen eulia, zangoz gora, etsiturik, bere buruari eraginez eta libratu ezinik. Eta munduko ondoez, ezinbeste eta larritasun guztia sentitu zuen kondenatuak. Umetan, edo aspaldian inoiz, miarma harían gora abileziaz igotzen ikusteko geratzen bazen, miarma euliarengana inguratzean gertatuko zenaren lekukoa izateko, oraingoan ez. Oraingoan, kondenatuak apartatu egin zituen begi tristeak.


Joseba Sarrionandia