Bernardo Atxaga - Merkatari aberatsaren morroia

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-25T01_42_59-08_00

Irakurlea: Raul Lopez de Muniain - Iturria: Obabakoak EREIN

Bazen behin, Bagdadeko hurian, merkatari aberats baten zerbitzuan lan egiten zuen morroi bat. Egun batez, goizaldetik, morroia Bagdadeko azokara abiatu zen erosketak egitera. Baina goiz hura ez zen beste goizak bezalakoa izan.

Goiz hartan Heriotza ikusi baitzuen azokan. Eta Heriotzak keinu egin baitzion morroiari.

Izututa, morroia merkatariaren etxera itzuli zen.

«Nagusia» esan zion‑. «Utzidazu etxeko zaldirik azkarrena. Gaur gauerako Bagdad honetatik urruti egon nahi nuke; gaur gauerako Ispahango huri apartatu hartan egon nahi nuke.»

«Baina, zergatik egin nahi duk ihes?»

«Azokan Heriotza ikusi dudalako, eta amenazuzko keinu bat egin didalako orduan.»

Merkataria hunkitu egin zen, eta zaldia utzi zion. Eta morroia abiatu zen gauean Ispahanen egongo zelako esperantzatan.

Egun hartako arratsaldean, merkataria bera azokara joan zen. Eta goizean morroiak bezala, berak ere Heriotza ikusi zuen han.

«Heriotza» esan zion berarengana inguratuz‑. «Zergatik egin diozu amenazuzko keinu bat nire morroiari?»

«Amenazuzko keinu bat?» erantzun zion Heriotzak‑. «Ez, ez da amenazuzko keinua, baizik eta harridurazkoa. Harritu egin naiz hura hemen ikusteaz, hain urrun Ispahandik; ze, gaur gauean Ispahanen hartu behar baitut zure morroi hori ... »

Eta Henryren koadernoko laugarren orrialdean gomentario bat dator, Merkatari aberatsaren morroiari buruz.

«Batzuk diotenez, bizitza, guretzako, dadoen jokoa bezalakoxea da. Jaio ezkeroz badaukagula patu bat, diote, badaukagula fatalitate bat. Nola erori dadoak, halaxe joango zaigula bizitza.»

«Beste batzuk, berriz, askatasun gehiago antzematen dute bizitzan. Bizitza, ikuspuntu honetatik, ajedrez joko bat besterik ez litzateke izango. Ajedrezeko jokalariak bezala, guk edozein gauza egin genezake, edozein pieza mugitu; askatasun hori bagenuke. Baina behin zerbait eginez gero, behin pieza bat mugituz gero, ekintza hori, mugimendu hori fatala litzateke. Ezin atzera egin. Ezin jokoa beste bide batzuetatik eraman. Ekintza hori, mugimendu hori, fatala litzateke. Ekintza edo mugimendu horrekin egin behar nahita nahiez aurrera.» «Aurreko fatalitateak, dadoarenak, ikara ematen dit aurreneko momentuan, eta gero lasaitasuna. Bigarrenak, berriz, triste jartzen nau. Nere bizitza ez dut maite.

Ezin ote da borrokatu fatalidadearen aurka?»

Bizitzan beharbada ez, baina ametsetan bai. Ametsetan borroka gintezke heriotzaren aurka ere. Heriotzak harrapatu nahi zuen morroiaren istorioa beste bat ere izan zitekeen. Hementxe idazten dudan beste hau, esate baterako.

«Baina, zergatik egin nahi duk ihes?» galdetu zion merkatariak.

«Azokan heriotza ikusi dudalako, eta amenazuzko keinu bat egin didalako orduan». Merkataria hunkitu egin zen, eta zaldia utzi zion. Eta morroia abiatu zen gauean Ispahanen egongo zelako esperantzatan.

Zaldia bizkorra zen, eta, espero bezala, morroia Ispahan apartatu hartara ailegatu zen lehen izarrarekin batera. Eta etxez etxe hasi zen, ate joka, babesa eskatuz.

«Heriotzagandik ihes nabil» esaten zien atea zabaltzen ziotenei, «eta ostatu eskatzen dizuet.»

Baina jende hura beldurtu egiten zen Heriotzaren aipamena entzun orduko, eta itxi egiten zizkioten ateak.

Morroiak hiru, lau, bost ordu egin zituen Ispahaneko kaleetan barrena, ate joka, alferrik nekatuz. Eta, hala, egunsentia baino pixka bat lehenago, Kalbum Dahabin izeneko gizonaren etxera ailegatu zen.

«Heriotzak amenazuzko keinu bat egin dit gaur goizean, Bagdadeko azokan, eta ihes nator handik. Erregu egiten dizut, emadazu ostatu.»

«Heriotzak» esan zion Kalbum Dahabinek‑ «Amenazu Bagdaden egin badizu, ez da han gelditu izango. Zure atzetik dator Ispahanera, zaude seguru. Dagoeneko gure murrailetan egongo da zeren gaua bukatzera baitoa.»

«Orduan, galdu naiz betiko!» erori zen morroia.

«Etzazula oraindikan etsi!» atera zen Kalbum‑ «Eguzkia atera arte bizirik segitzeko abilidadea baduzu, libre geldituko zara. Heriotzak zu gaurko gauez hartzea erabaki bazuen, ezin zaitu beste inoiz hartu.»

«Goazen lehenbailehen plazan daukadan dendara» eskatu zion Kalbumek etxeko atea itxiz.

Bitartean, Heriotza Ispahaneko murrailetara inguratu zen. Larritasunez begiratzen zion urdintzen hasia zegoen gauari.

«Egunsentia» pentsatu zuen‑ «momentu batetik bestera iritsiko duk, eta hori gertatuz gero morroia  galduko diat.»

«Baina ez diat galduko» gaineratu zion bere buruari‑ «bazekiat gauzak azkar asko egiten». Eta, hartan, Heriotza Ispahaneko kaleetara iritsi zen. Usaindu egin zuen han, huri hartako milaka usainen artean, Bagdadetik ihes egindako morroiarena bilatuz. Berehala, morroia Dayoub Kalbum Dahabinen dendan zegoela erabaki zuen, eta haruntza abiatu zen presaka.

Zeruaren ertzeko laino ttiki bat urreztatzen hasia zegoen. Eguzkia berehala jabetuko zen munduaz.

Heriotza Kalbumen plazako dendara iritsi zen. Atea danbateko batez zabaldu zuenean, harridura keinu bat gaineratu zen bere begietara... Heriotza harritu egin zen behin ere ez bezala, ze denda hartan ez baitzuen morroi bakar bat ikusi, baizik eta bost, zazpi, hamar morroi berdin ikusi baitzituen.

Heriotzak kirika egin zuen leihorantz: eguzkiaren lehen printzak distira egiten zuten leihoko oihal txurian. Zergatik zeuden hainbeste morroi denda hartan, bakar baten partez?

Baina ez zeukan pentsatzeko astirik. Kalbum Dahabin ispilu egilea zela sumatu gabe, Heriotzak aukeratu egin zuen ugaritasun hartan. Dendaren erdian zegoen morroietako bat hartu eta kalera egin zuen korrika. Kalea argitan zegoen ordurako.

Egun hartan, Ispahaneko jendea kontu kontari ibili zen, eta kejaka.

«Gaur goizean» esaten zuen jendeak‑ «ohetik jeiki eta leihotik begira nengoela, lapur bat ikusi dut, beltzez jantzia, eta besapean ispilu handi bat zeramala. Madarikatua izan bedi Kalbum bezalako gizon zintzo bati lapurreta egin diona ... »


Bernardo Atxaga