Limens eta otso zuria

http://pkeizagirre.podomatic.com/entry/2010-11-23T09_03_29-08_00

Idazlea: Pako Aristi - Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: HABE aldizkaria

Gabonak baino hamar egun lehenago elur bustia hasi zuen. Gehiago zen euria elurra baino. Umeok poztu egin ginen, gure bihurrikerien barietatea asko zabalduko baitzen elurrarekin.

Baina elurrak ez zion lurrari heltzen, ez zen gogortzen eta berehala urtu egiten zen lurrean, zuhaitzetan, kaleetan pausatu orduko. Gabon guztiak horrela igaro ziren, eta guk, umeok, tristerik abesten genituen gabon kantak, elurrik gabe ikaragarri aspertzen ginelako oporraldi hartan. Eta zer esaten genuen ulertu gabe abesten genituen kantak. Hura zailegia zen guretzat. "Cual capullo delicado entre abrojos escondido en Belén, hoy, ha nacido la más linda y tierna flor." Baina Urte Berri egunean mara-mara hasi zuen elurra, itsu-itsu egiten zuen, eta urte berriak Limens gure herriko parajeak erabat txuriz estalirik ikusteko erregalia ekarri zigun. Zakuak hartu eta pendiz aldapatsuenetara igo ginen, gero behera irristatzeko, ipurdiak urratuz. Elurtea izugarria izan zen. Gero eta gehiago egiten zuen eta azkenik bide guztiak itxi zituen elurrak. Ezin zen eskolara joan, ezin fabriketara iritsi, ogia norberak bere etxean egiten zuen, eta elurteak iraun zuen hilabete luze hartan ez zen gutun bakar bat iritsi herrira. Horrela, Gabonetako postalak otsailean jaso genituen. Oso dibertidoa izan zen. Baina elurte hark arras aldatu zuen nire bizitza. Elurte hark herritik atera ninduen, nire bihotz infantiloidetik bota ninduen, eta maitasunaren padura tristea ezagutu nuen bizitzan estreinako aldiz. Honela gertatu ziren gauzak. Irailean Valentinez maitemindu nintzen. Begi urdinak zeuzkan, eta bi zulotxo ateratzen zitzaizkion aurpegian barre egiten zuenean. Bera ere nitaz maitemindu zen, taberna batean egiten baitzuen lana eta egunero eskukada bat kakahuete ematen baitzidan. Nik uste ez zaiola edonori hainbeste kakahuete ematen. Bai, maitemindurik zegoen. Etxean oso gaizki konpontzen zen Valentine, eta herritik alde egin nahi zuen. Nik baietz esan nion, eta goizeko zazpietan ateratzen zen trenean joateko planak egin genituen. Azken gaua ordea lo egin ezinik bota nuen, nostalgiak jota, eta goizeko zazpietan ikusi ginenean nik ezetz esan nion, nik ez nuela Limensetik alde egin nahi. Bere trenera igo zen, eta negarrez alde egin zuen, bakarrik, bere erabakia traizionatu nahi ez zuelako. Ni ere bakarrik gelditu nintzen herrian, tarteka negar eginaz. Baina bere oroimena ahazten ari zitzaidan, herriko ehiztari batzuk otso zuri bat harrapatu zutenean. Goseak errenditurik, herrira inguratzen hasiak ziren otsoak, eta otsoetan ederrena, otso zuria, bota zuten. Agureen esanaren arabera, hogeita bost urte ziren otso zuririk agertu gabe. Umeoi pena handia eman zigun herriko enparantzan porkaxean zintzilik ikusi genuenean. Otso zuria harrapatu zuten egun berberean Valentineren gutun bat ailegatu zitzaidan. Kostaldeko ostatu batean zegoen neskame, eta idazteko esaten zidan, asko gogoratzen zela eta nitaz.Egunero idatzi nion gutun bat, baita bidali ere, baina ez zitzaidan inoiz bere erantzunik heldu. Berriro, alde egin zuen egun haietan bezala, asko tristatu nintzen. Urtarrilaren azken hondarretan geunden. Nikola nire lagunik onena zen. Elurra urtzen ari zen, eta errota gaineko putzu izoztura joan ginen. Biok harriturik gelditu ginen, eta apur bat beldurturik. Putzuaren erdi-erdian otso zuri bat zegoen. Beste bat. "Hildako otsoaren fantasma izango da" esan zidan Nikolak. Ez zen fantasma bat. Deblauki ulertu nuen guztia. Aurreko astean hildako otsoaren bikotea zen, eta bere maitasun hilaren bila zetorren, senak gidaturik. Begira gelditu zitzaigun otsoa, bere maiteaz galdezka beharbada, gure asmoak onak ala txarrak ziren aztertzen agian. Zoragarria zen. Zuria, begi moreak, isats luzea, erreinu zuri bateko enperadorea zirudien. Baina norbaitek bidalia zuen abisua herrira, eta ehiztari multzo bat agertu zen otsoa hiltzeko ideiarekin. Otsoak putzu erdian jarraitzen zuen, izotzaren gainean. Ehiztariak ikusi genituenean, putzuko izotz gainera saltatu genuen, otsoaren aldera joan ginen lasterka, otsoa beldurtu, handik bidali eta ehiztarien eskutatik salbatzeko asmoz. -Jeeeee!, alde hemendik, joan urrutira! Esan genion otsoari. Honek, dena ulertu balu bezala, ihes egin zuen, oso bizkor, putzutik irten eta elurraren gainean arin joan zen, ohituta zegoelako. Ehiztariak mekauenka hasi zitzaizkigun, "ume zikin aluak" esanez. Une hartan gure oin azpiko izotza pitzatzen hasi zen. Ni lasterka abiatu nintzen putzu ertzera, toki segurura. Nikola ere abiatzera zihoan, baina orduan errotariak konporta ireki eta ura martxan jarri zuen. Izotza hautsi egin zen eta Nikola putzuko uretan murgildu zen, eta urak eraman zuen errekaraino. Han zain zeuden gizonek hilik atera zuten. Bi aste ene burutazioetan murgildurik igaro nituen. Ene lagunik onena otso zuri bategatik hil zen. Otso zuria, bestalde, prest zegoen bere bikoteagatik bizitza emateko, guk beldurtu ez bagenu. Arriskuan izango zela jakinik, bere maitearen bila etorri zen. Beti zegoen norbait munduan beste norbaitengatik bizitza emateko prest, eta hori sentipen zoragarria iruditzen zitzaidan. Orduan erabaki nuen nik ere, otso zuriaren gisa, Valentineren bila joan behar nuela kostaldeko herri ezezagun hartara. Orduan egin nien agur Limensi, haurtzaroari eta gurasoen segurtasunari. Ailegatu nintzen ostatura eta Valentine aspaldi alde egina zen. Ezin nuen jadanik berriro Limensera itzuli, nire bidaiak ez zeukan itzulerako billeterik. Urte askotan bidaiatu nuen, Valentinek utzitako pistak jarraituz, baina ez nuen sekula aurkitu. Suitzan erlojuak konpontzen ikasi nuen, eta orain, nahiko diruarekin erretiratu naizenean, Limensera itzuli naiz joan den astean, paseatzeko ez baitago hau bezalako herririk mundu guztian. Nire bizitzako nahigabe bakarra Valentine topatu ez izatea da, baina, gaur tabernan entzun dudanez, datorren astean beste andre zahar bat dator herrira, hemen jaioa omen da, baina oso gazterik alde egin omen zuen. Valentine izan daitekeela pentsatzean, ezin diet malkoei eutsi, eta bihotz bat marrazten dut leihoko bapainuan.