Erradikala

http://aittu.podomatic.com/entry/2014-10-02T07_28_08-07_00

Testua: Karmele Jaio - Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: Diario de Noticias

Erradikal hitzak ez dauka prentsa onik, ez dago ondo ikusia. Gaur egun, batzuk besteei aurpegiratzen dieten irain moduko bat bihurtu da erradikal hitza.

Zuek erradikalak zarate, ba zuek gehiago. Erradikala hitzaren esanahia oso modu murriztu eta itxian ulertzen da, oso modu negatiboan. Eta erradikala hitzak badauka, nire ustez, beste zentzu bat ez dena hain txarra, are gehiago, positiboa ere badena.

Erradikala izatea ideien erroetara joatea bezala ulertzen bada, ez da negatiboa. Pertsona erradikal bat izan daiteke bere pentsamendu eta helburuen esentzia beti presente dituena, eta gida bezala erabiltzen dituena. Nolabait esateko, iparra edo norabidea inoiz galtzen ez duen norbait izan daiteke erradikala; bere eguneroko jarreretan beti kontuan hartzen duena bere ideologia edo pentsamoldearen muina, eta praktikan jartzen saiatzen dena.

Erradikala izatea, horrela ulertuta, ez dago kontrajarria behar denean negoziatzen jakitearekin; une zehatz batzuetan asmo batzuk alde batera uzteko gaitasuna edo eskuzabaltasuna izatearekin. Gehiago esango nuke. Benetako erradikalak, bere asmoak (edo bere asmoen proportzio bat behintzat) gauzatzeko aukera ikusten duenean, prest dago edozein zirrikitu aprobetxatzeko, eta negoziatzeko, hauek gauzatu daitezen. Benetako erradikala ez da immobilista bat, baizik eta iparra galdu barik mugitzen asmatzen duena.

Benetako erradikala mugitzen da, inor baino gehiago, bere asmoak gauzatzeko aukeraren bat dagoela sumatzen badu. Erradikala saiatu egiten da behin eta berriro, ez da immobilista, baina bai tematia. Nik ezagutzen ditut pertsona batzuk, hain dira erradikalak, beti daude negoziatzeko prest euren helburuetara ailegatzeko pausuak emateko aukera ikusten badute. Erradikala ez da horma bat, pilota beti bueltatzen dizuna. Batzuek hormak ematen dute, baina horma gogorrenetako arrakaletatik ere belarrak hazten dira.