Yanomamiak

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-26T14_30_49-08_00

Idazlea: ezezaguna - Irakurlea: Gurutze Alzelai - Iturria: ezezaguna

Yanomamiak 20.000 pertsona inguruko herri bat dira, eta Amazonas ibaiaren ertzetan, Hegoamerikan, ekuatoretik gertu bizi dira, oso tenperatura altuekin eta euri ugariekin; hori dela eta, oso landaretza oparoa da han: oihana.

Bizimodua, baratzetan platanoak, tapioka, patata eta horrelako produktuak landatzetik ateratzen dute, bai eta beste landare batzuetatik ere. Hauek sendabelar gisa edo gauzak egiteko erabiltzen dituzte. Ehizan, arrantzan eta eztia eta fruta makatzak biltzen ere aritzen dira. Lan horretan ez dute lau ordu baino gehiago ematen egunean. Leku batera iristean etxe handi bat eraikitzen dute, yano izenekoa, plaza biribil handi batekin. Lur lauetan egiten dute hori, ibairen batetik gertu, eta enborrak eta palma elkartuak erabiltzen dituzte. Yanoetan 25 lagunetik 200era bitarte bizi izaten dira, eta familia bakoitzak leku txiki bat izaten du, hamakak biribilean jarrita. Lotarako hamakez gainera, egurra, saskiak, kalabazak, arkuak eta geziak besterik ez dituzte erabiltzen. Azkenaldian altzairuzko erremintak, aluminiozko lapikoak eta poxpoluak ere erabiltzen hasi dira. Arropa bakarra gerripekoa izaten dute. Andreak etxe garbiketaz, haurrak zaintzeaz eta nekazaritza lanez arduratzen dira. Gizonak ehizan eta arrantzan aritzen dira, baina inoiz ez dute gordetzen harrapatutakoa: erregalatu egiten dute. Lurra agortu eta gehiago ematen ez duenean, hamar bat urteren ondoren edo, beste norabait aldatzen dira, beste yano bat eraiki eta baratza berriak sortzen dituzte. Komunitate bakoitzak buruzagi bat du; arreba edo alaba gehien dituen gizona izan ohi da; beste guztiek harreman onetan egon nahi izaten dute harekin, andregaia izateko. Buruzagiek aholkuak eman besterik ez dute egiten. Emakumeek eragin handia dute herriko erabakietan. Gurasoak asko arduratzen dira seme alabez. Hazi ahala, nagusiek egiten dutenari begira egoten dira, nagusiekin batera ibiltzen, edota jolasean. Jaiotzatik animalia edo landare baten kide egiten dituzte, eta hari min egiten bazaio, berak ere gaixotu egingo direla uste dute. Sinesten dute badirela izpiritu onak eta izpiritu gaiztoak. Onek gaixotasunak sendatzen laguntzen diete, eta gaiztoak kantu eta dantzen bidez baretzen dituzte. Dibertitzeko, gorputza margoz, lorez, lumaz, hostoz eta abarrez apaintzen dute. lraintzat daukate elkarri beren izenez deitzea, eta haurrekin duten senidetzaren bitartez aipatzen dute elkar. Oso etsai eta uzkur ageri ohi dira beste komunitate batzuekin, baina noizean behin lagun dituzten herrixketakoekin biltzen dira, eta hainbat egun irauten duten jaiak antolatzen dituzte; kantuan eta dantzan egin, balentriak kontatu eta albisteak, esamesak eta opariak trukatzen dituzte. Azkenaldian urre bilatzaileek yanomami asko hil dituzte. Gainera, bilatzaileok eta inguru haiek begiratzen dituzten militarrek gaixotasun asko eraman dizkiete; haiek horretarako prestaturik egon ez, eta asko eta asko hil egiten dira.