Txomin Agirre - Joanes artzaia

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-01-07T13_04_08-08_00

Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: GAROA 

Ura zan gizona, ura!

Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zim

Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean.

Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oñak, zindoak bere bular-auspoak.

            Irurogeta amabi aldiz ikusi zuan, Aloña mendiko ariztietan, ostro berdea berriz jaiotzen; baña etzion eramango emeretzi urteko mutil batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zear laisterka.

            Kaiko andi bat esne goizean jan, azpantarrez izterrak estaldu ta makilla bat eskuan artu ezkero, prest zegoan egun osoan, zein ariñago bezela, beorren atzetik ibiltzeko edo, neke askorik gabe, ardi galdu gaixoaren billa gau guztia igarotzeko.

Argiak ziran Joanesen begi gozoak. Oitua zegoan Joanes zerura ta lurrera, gabaz ta egunez, arreta andiz begiratzen; ta iñok baño lenago ikusiko zuan, goi aldetik, odei tarteko arranoaren ibillera apaña edo ia gizon danentzat estaldurik zegoan izarraren kiñua, ta lur aldean, lokatz bigunetako abere oñatza, bide ondotik joan ziran eperren aztarna, sasi mardularen ertzeko erbi-oi zapala, arkaitz zuloetako egazti arraparien kabia, ta an bebeian agiri zan urlia erriko orduari zar ta illun samarra.

            Ernaiak ziran Joanesen belarriak. Oso egiña zegoan Joanes mendi-oiarzun guztietara.  Milla aldiz bai entzun zituan, bakartasunaren erdian jarrita zegoala, urrutiko trumoiaren orrua, ekaitz aizearen durundia, artzaiaren deadar luzea, egurgillearen aizkorakada neurtua; basaurdearen arnasotsa, otsoaren alaraua, azeriaren zaunka, beorren irrintzia, mozoloaren oiua, basauntz bildurtiaren zalaparta; abere arranen dulun-duluna, ardien bee negartia, suge zarraren txistua, belien garraxi latza, sosoaren txortxorra, txori kantari askoren txiotxo alaia, errekastoen poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna, eltxo gogaikarrien zunburruntxoa ... itz gutxitan esateko, izakiak berez dituan ta mendi basoetan diran abere, pizti ta sortutako gauza guztien amaigabeko soñu txiki ta andi, ixil ta bizi, garratz ta gozo, mingarri ta eztitsu, pozkor ta ikaragarrizko danak. Berialaxe antzematen zion Joanesek nondik zetorren soñua, ta baita ere esango zukean garbiro ta zuzen zer zan ta non zegoan soñu bakoitzaren jatorri ezkutua.

            Etzan Joanes jakituri andikoa, baña bai asko ikusia, ta asko ikusi duan gizonak beti daki zerbait, eta sarri jakintsu usteko askok baño geiago.

            Bazekian non ta noiz jaiotzen ziran gibelurdiñik gozoenak eta zein tokitan zeuden kamamilla, belatxeta, karraskilla ta beste orrelako belar mota gizonarentzat osasungarriak. Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat bear ziran janaririk on ta egokienak.

            Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta ardien zauri ta gaixotasun ezagutuenak.

            Bazekizkian baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak.

            Bazekizkian zer leku zeuzkaten goi urdiñean izarrik nagusienak eta artizarrak batez ere. Eguzkian bertan ikusten zituan, geienbat, egunaren orduak; illargiaren jiran, aizeak zeraman bidean ta laño ta odeien egoetan irakurtzen zuan urrengo egunerako girona edo giro txarra.

            Bazekian, gañera, ta au zeukan gauzarik onentzat, guraso zarrak erakutsi zioten Eleizaren legea ta Jesu-Kristok lurrean erabilli zuan bizitza samurra, ta lege ta bizitza oiezaz bakartadean gogoraturik, ikusi zuan, dana Jaungoikoari zor zion gizonak txit apala bear zukeala izan, bere nekietan patxada andikoa ta lagun urkoaren naigabietan egiazko onginaiz betea.

            Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi orretan ikusten zituan, kupidaz, gizonen argaltasu ta ibilpide okerrak.

            Oroitzen naiz nola ezagutu nuan nik Joanes artzaia ta nere jakinai bizian zenbat galdena egin nizkion.


Txomin Agirre