Artizarra, izarra ala planeta

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-01-07T11_49_50-08_00

Testua: Elhuiar - Irakurlea: Jon Kortabarria - Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gora begira jartzea nahikoa duzu hura ikusteko. Baina kontuz… Artizarra ez da izar bat.

Artizarra begi-bistaz ikus dezakegun planeta bakarrenetarikoa da. Lurraren auzokidea bada ere, oso gutxi ezagutzen dugu.

Etengabe estaltzen duen hodei-geruza trinko eta lodiengatik da zaila Artizarra ikustea.

Bertako tenperatura hotzenetarikoa dela pentsa genezake, baina guztiz bestela da. Artizarreko tenperatura Merkuriokoa baino altuagoa da, nahiz azken hori Eguzkitik hurbilago dagoen. Planetak ikertzen dituzten astronomoen aburuz, Artizarreko atmosferak berotegietako estalkien eragina du. Eguzkitik datozen erradiazioak eta berotasuna erraz iristen dira planetaren azalera, baina atmosferaren % 96 osatzen duen gas karbonikoak ez die ihes egiten uzten.

Ondorioz, ‘berotegi-efektua’ deitzen duguna dela medio, Artizarra berotzen doa. Horrela, eguzki-sistemako tenperatura altuenetarikoa du, batez beste 460 °C-ko tenperatura, hain zuzen ere.

Artizarreko azalera teleskopioarekin ikus ezin badaiteke ere, radarrek irudi zehatzagoak eman dizkigute. Astronomoek izugarrizko kontinenteak ikusi dituzte (Ashtar, Aphrodite), baita 100 kilometroko diametroa duten sumendiak ere, eta ubide bihurgunetsu amaiezinak… Artizarreko atmosfera Lurrekoa baino 90 aldiz dentsoagoa dela ere badakigu. Azaleko presio atmosferikoa, beraz, urpean kilometro bateko sakonerara jaitsita sentitzen dena bezain indartsua da!