Ehiztari atsekabetua

http://aittu.podomatic.com/entry/2014-09-09T14_23_06-07_00

Aspaldiko garaietan izan zen Gorbeia aldean ehiztari bikaina zen gazte bat. Gipuzkoako kostaldeko neska gazte eder batez maitemindu zen eta ezkontzera ekarri zuen bere herrira.

    Eztei ospakizunetan bikotearen senitartekoak eta lagunak elkartu ziren jai alai bat ospatzeko asmoz. Gazteen artean jokoak eta apustuak antolatzea pentsatu zuten, eta gazte batek mendian arrapatutako lepahori bat atera zuen torneo bat antolatzeko asmoz. Lepahoria libre utzi eta lantza jaurtiketa bakarrean hil behar zen. 

    Lehen jaurtitzaile izateko ohorea ehiztari gazteari utzi zioten. Jokoa hasi eta jaurtitzera zihoala laino artetik eguzki izpi distiratsu bat atera eta lantza desbideratu egin zen. Zorigaiztoaren zorigaiztoz, lantza desbideratua andregaiaren bihotzera joan zen bete-betean, eta hantxe bertan hil zen neska gaztea. Guztiak lur eta zur gelditu ziren.

    Mendiko Jaunaren zigorra izan omen zen, bere abereei tratu txarra emateagatik.

    Ehiztari gaztea bere maitea berak hil zuela ikustean, atsekabetuta, mendira joan zen betiko, eta ez zen gehiago agertu. Ordutik, ehiztariaren arima Gorbeiako mendietan barrena omen dabil barkamena eske, eta ekaitz egunetan, oraindik ere, bere negar zotinak entzuten omen dira.