Lezaoko lamia

http://aittu.podomatic.com/entry/2014-09-09T14_28_27-07_00

Arabako Agurainen diotenez, Entzia mendiko Lezaoko haitzuloan, oso emakume bitxi bat bizi omen zen garai batean. Guztiz ederra omen zen eta lurreraino iristen zitzaion urrezko ile luzea.

Jende askok ikusi zuen dama eder hura erreka bazterrean orrazten. Orrazia ere urrezkoa zuen eta mendian behera zetorren erreka hura erabiltzen zuen ispilu gisa. Egunero, egunsentian, bere haitzulotik atera eta haitz baten gainean esertzen zen. Luzaroan aritzen zen orrazten, aldi berean inork ezagutzen ez zuen hizkuntza batean abesten zuela.

    Behin batean, mutil gazte batzuk solasean ari omen ziren herriko plazan. Besteren artean, Lezaoko damaren gaia aipatu zuten. Batzuen iritzian, atso kontuak baizik ez ziren horiek; beste batzuen iritzian, berriz, egia zen dama hura Amilamia zela. Baina, egia esateko, mutil haietako inork ez zuen inoiz ikusi, eta inoren esanak errepikatzen ari ziren. Azkenean, hori jakiteko erarik egokiena bertara joan eta egiaztatzea zela pentsatu zuten; esan bai, baina inor ez zen ausartzen hara joaten, beldurra zutela esan gabe, ordea. Horretan zeudela Perikot azaldu zen. "Tontoa" deitzen zioten, beti ametsetan zegoela ematen zuen eta.

    -Kaixo, lagunak, zertan ari zarete? -galdetu zien Perikotek, eta erantzunik emateko astirik utzi gabe, plazako harriekin jolasean hasi zen.

    Beste mutilek elkarri begiratu zioten eta irribarre egin zuten.

    -Aizak, Perikot, -esan zion taldeko buru zirudienak- gure taldekoa izan nahi al duk?

    Perikotek harrituta begiratu zion, baina berriro gauza bera esan zion taldeko buru edo egiten zuenak:

    -Ea, Perikot, gure taldekoa izan nahi al duk? Gustura ibiliko haiz... gurekin festetara etorri ahal izango duk eta gure sekretu guztiak jakingo dituk...

    -Ba... nik... egia esan...

    -Ondo da, ondo da -esan zuen taldeburuak, erantzunetarako astirik eman gabe, bere kideei aieru eginez- Ezta baietz, e, mutilak?

    Denek egin zuten baiezko aieru.

    -Baina jakin behar duk -jarraitu zuen lehengoak- gure taldea elkarte sekretua dela eta ezìn dugula edonor onartu... lehenagotik froga batzuk gainditu behar dituk, ulertzen?

    Perikotek ez zekien ondo zertaz ari ziren, baina buruaz baietz esan zuen.

    —Ederki!, banekian nik konponduko ginena! Entzun ondo hau: Ba al dakik non dagoen Lezaoko haitzuloa? Bai? Ederki! Ba... hara joan eta emakume eder bat agertu arte han egon behar duk. Nor den eta nondik datorren galdetu behar diok eta gero, zerbait eskatu behar diok guk han izan haizela ziur jakin dezagun, ados? Beno, ba! Segi!

        Mutilek beren artean barre eta keinuak egiten zituzten bitartean, Perikot herritik atera eta Lezaorantz abiatu zen. Haitzulora hur- bildu zenerako ahaztua zeukan zertara zihoan hara. Gaua berehala etorri zen eta mutil gizajoa loak hartu zuen zuhaitz enbor baten kon­tra, errendituta baitzegoen.

 

    Abesti batek esnatu zuen. Begiak zabaldu eta arbolen hostoei begira geratu zen. Hasieran ez zuen garbi jakin non zegoen ere, gero etorri zitzaizkion burura Aguraingo gazteak eta haitzuloren batekin zerikusirik zuen zerbait egin behar zuela. Jaiki zen eta orduan ikusi zuen dama, kantari, erreka bazterrean orrazten. Emakumeak irribarrez begiratu zion eta Perikot "tontoa", berak ere irribarre eginik, damaren ondora joan zen esertzera.

    Damak kantari eta orrazten jarraitu zuen luzaro; bien bitartean, Perikotek, hankak uretan sartuta, harri azpian gorde nahi zuen karra- marro bati begiratzen zion.

    -Nola duzu izena? -galdetu zion, azkenean, Amilamiak.

    -Perikot "tontoa" -erantzun zion mutilak.

    -Zergatik "tontoa"? -galdetu zion berriro ere damak.

    -Ez dakit ba... tontoa naizelako izango da noski...

    Eta Perikot berriro ere karramarroari begira jarri zen, harri arinagoren baten azpian babestu nahi baitzuen, nonbait.

Dama jaiki zen eta haitzuloan sartu zen. Berehala itzuli zen eskuetan bahe bat zuela.

    -Tori, Perikot, hau zuretzat da.

    Perikot baheari begira geratu zen, hartu eta damari irribarre egin zion. Gero, etxera itzultzeko garaia izango zela eta, alde egin zuen. Agurainera iristerakoan, bere bila zihoan gizon talde batekin topo egin zuen, gurasoak erabat kezkaturik baitzeuzkan gauean lotara agertu ez zelako eta mutilek esan zieten nora joan zen.

    -Perikot! Non zinen?

    -Perikot! Non igaro duzu gaua?

    -Zer dakartzu hor?

    Perikotek irribarre egiten zuen eta ez zuen ezer esaten. Orduan, bahea astintzen hasi zen, irina bahetzen ari balitz bezala eta denek burutik egina zegoela pentsatu zuten, baina... oi!, bahetik irina erortzen zen! Nola zitekeen hori? Han ez zegoen irinik! Eta, hala ere, irina erortzen zen! Gizon batek hartu zuen bahea. Astindu zuen, baina irinik ez. Beste bat ahalegindu zen, eta beste bat, eta beste bat... Alfer-alferrik. Orduan, Perikot "tontoak" astindu zuen berriro eta berriro ere irin fina erortzen zen, beren bizitzan ikusi zuten irinik zuriena !

    Geroztik Perikot "bizkorra" hasi zitzaizkion deitzen. Okindegi bat jarri zuen eta oso zoriontsu bizi izan zen. Zahartuta hil zen eta, herritarrak magiazko bahe haren bila hasi zirenean, ez zuten inon aurkitu. Ordurako bere jabearengana itzulia zen, Lezaoko Amilamiarengana.