Enperadore eroa

http://aittu.podomatic.com/entry/2012-10-27T10_23_18-07_00

Idazlea: Joseba Sarrionandia / Irakurlea: Pako Eizagirre / Iturria:

Duela sei mende, Txinako erresuman, Hung-Wu enperadorea bizi zen. Orduan, aberatsak aberats eta pobreak pobre bizi ziren.

Txinako beste eskualde batean, berriz, Ching Fu izeneko pintatzailea bizi zen, bere trebeziagatik oso estimatua. Ching Fu oihanaren erdian bizi zen Su-Tao bere alabarekin. Bertan ikasi zuen pintatzen. Jadanik zaharra zen, ile urdina zuen buruan eta gorputzaren azala simurrez betea. Alabak koadroetarako oihalak ehuntzen zizkion pintatzaileari. Honek koadroak pintatu eta oihanean uzten zituen, naturarekin nahasirik. Koadroak naturak berak egina zirudien.

Behin batean, enperadorearen belarrietara heldu zen pintatzaile bikain haren ospea eta, halako batean, pintatzailearen abilezia bere begiez konprobatzea erabaki zuen.

Abiatu zen, bada, enperadorea bere elefante eta soldaduekin eta laster batean oihanaren erdian azaldu zen. Hantxe topatu zuen Su-Tao, bere aitarentzat oihalak ehuntzen. Su-Taok bere aitarenganaino eraman zuen enperadorea. Ching-Fu koadro bat pintatzen ari zen. Enperadorea harriturik geratu zen haren lana ikusita. Bazirudien koadroko loreak eta txoriak bizirik zeudela. Orduan, enperadoreak, oihalera hurbildurik, pinturako arrosarik ederrena ebaki zuen. Arrosa eskuan zuela esan zuen:

-Txinako pintatzailerik onena zara. Niretzat egingo duzu lan.

-Inor zerbitzatzeko zaharregia naiz –erantzun zion Ching-Fuk.

Erregeak, haserre, koadroa hartu eta bere jauregira eraman zezaten agindu zien bere soldaduei. Behin jauregian, koadroa areto nagusian eskegi eta bi soldadu jarri zituen hura zaintzen.

Handik gutxira, koadroko loreak zimeltzen hasi ziren enperadorearen begi harrituen aurrean. Enperadorea sutan jarri zen eta bere armada harturik, oihanerantz jo zuen. Oihanean, Su-Tao aurkitu zuen eta, azalpenik eman gabe, hil egin zuten.

Gero, pintatzailearenganaino iritsi ziren eta honek, tristuraz beterik, bere alaba lurperatzeko baimena eskatu zuen.

Ching-Fuk koadro bat pintatu zuen, bertan hilobi bat eta basoan galtzen zen bide bat agertzen zituena. Ondoren, bere alaba besotan hartu eta koadroaren barrura sartu zen. Bere alaba lurperatu zuen, eta gero, astiro-astiro berak pintatutako bidetik desagertu zen. Soldaduak koadroan sartzen ahalegindu ziren, baina alferrik.

Orduan, enperadoreak koadroa hartu eta bere jauregira eraman zuen. Areto nagusian eskegi zuen eta soldadu armatuak jarri zituen koadroaren aldamenean, pintatzailea irtetean bertan hiltzeko.

Pintatzailea, ordea, ez zen sekula irten eta enperadorea erotu egin zen.