Animalien erregea

http://aittu.podomatic.com/entry/2011-04-07T07_45_49-07_00

Behin batean, elkartu ziren zoologikoan elefantea, otsoa, hartza eta lehoia.

Lehoiak esan zuen:

            —Nor da gure erregea?

            Elefanteak, zutitu eta esan zuen:

            —Ni naiz erregea, oso handia naiz eta.

            —Zu ez zara gure erregea –esan zuen otsoak– oso lodia zara eta zure sudurra itsusia da.

Hartzak eta lehoiak esan zuten:

            —Bai, bai, egia da, elefantea oso itsusia eta lodia da.

Otsoak, zutitu eta esan zuen:

            —Ni naiz erregea, oso azkarra naiz eta.

            Elefanteak, hartzak eta lehoiak:

            —Zu ez, zu ez zara animalien laguna

            Hartza zutitu zen eta esan zuen:

            —Ni naiz erregea, oso ona naiz eta.

            —Zuuu? –erantzun zuen lehoiak– Oso beltza eta lotia zara. Zu ez!

Orduan, lehoiak oihu handi bat atera zuen, eta elefantea, otsoa eta hartza beldurtu ziren. Eta esan zuen.

            —Ni naiz erregea, oso polita eta gogorra naiz eta.

            —Zu ez! –erantzun zuten animalia guztiek.

            —Bai ni izango naiz zuen erregea, bestela hil eta jango zaituztet.

            Elefantea, otsoa eta hartza beldurtuta isildu ziren.

Baina arbola puntan txori bat hasi zen kantatzen eta lehoiak haserre esan zion:

            —Zuk zer nahi duzu?

Txoriak, "ja,ja,ja", farre egin eta esan zuen:

            —Zu ez zara gure erregea! Oso harroa zara eta ez zara animalien laguna. Ni naiz zuen erregea, oso kantaria eta animalia guztien laguna naiz eta. Gainera, ni ez nauzu hil eta jango.

Elefanteak, otsoak eta hartzak esan zuten:

            —Hori, hori! Zu zara gure erregea, gure laguna zara eta.

Orduan lehoiak, haserre, alde egin zuen. Beste animalia guztiek egun hartan festa handi bat egin zuten zoologikoan.