Ardia eta belarra

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-01-07T11_44_57-08_00

“Ardiak eta bedarra” da ipuin honen izenburua. Ezaguna da ardiak bedarra jaten dabela, baina badakizue zergaitik esaten daben beee? 

Animaliak eta landareak berba egiten eben sasoira bueltatuko gara eta han topatuko dozue erantzuna.

Behin artzain batek atara eban bere artaldea larrera, oso bedar ona egoan leku batera, eta ardieri esan eutsen:

—Larre ona daukazue  gaur, eta nahikoa jandakoan, etorri etxera.

—Iluntzean etorri ziran etxera eta ugazabak itaundu eutsen:

—Nahikoa jan dozue?

—Bat bere ez dogu jan –erantzun  eutsen ardiak.

—Zer bada?

—Jaten hasten ginan bakotxean, “aurrean goxo, aurrean goxo” esaten euskun bedarrak, etaaaa…egun guztian ibili eta ibili, ez dogu ezertxo be jan.

—Ez zarie tonto makalak -esan eutsen artzainak-, hurrengoan hori esaten deutsuenean, “berton goxo” esan, eta bertan geldi zaiteze nahikoa jan arte.

—Biharamonean joan ziran ostera bere ardiak larre leku on haretara, eta bedarra hasi jaken esaten:

—Aurrean goxo,  aurrean goxo…

Baina oraingoan ardiak erantzuten eben:

—Berton goxo, berton goxo…

Iluntze haretan nahikoa janda bueltatu ziran etxera.

—Sasoi haretan gauza guztiak ekien berbetan: bedarrak, sasiak, arbolak eta animaliak bere bai. Bakar bakarrik odoldiak ez ei ekian. Beste gauza guztiak alkartu ziran odoldiari berbetan erakutsi behar eutsela, eta erakusten hasi ziranean, zelan odoldiari erakutsiko, danak mutu gelditu ei ziran. Horregaitik ordundik gauza horreek danak ez dabe gehiago berbetan.

Batzuk esaten dabe oraindino bere, ardiek eta bedarrak berba egiten dabela alkarren artean. Ardiak larrera doazenean, bedarrak esaten ei deutse:

—Aurrean goxo, aurrean goxo…

Ardiak ibiltzen dira apur batean batetik bestera, eta azkenean beee-beee! eginda, bertan geratzen dira.

Beee-beee…horrek… “berton goxo, berton goxo”, esan gura ei dau

Joxe Arratibel