Erregeren porrota

http://aittu.podomatic.com/entry/2008-12-01T13_39_51-08_00

Idazlea: Mongoliako ipuina / Irakurlea. Pako Eizagirre / Iturria: ezezaguna

Bazen behin errege bat bere herrian ohar bat ipinarazi zuena: "Niri gezur on bat esateko gai den umeari opari handi bat emango diot".

Gorteko aitoren seme eta armadako ofizialek oharra entzun zuten, eta beren semeak erregerengana joan ziren era guztietako gezurrak kontatzera, baina bat bera ere ez zitzaion erregeari gustatu. Hala, bada, eta azkeneko unetxoan, mutiko behartsu bat azaldu zen erregearen aurrean.

—Eta zu, zertara etorri zara? –galdetu zion erregeak.

—Aitak bidali nau zuregana, Maiestate, zuk harekin duzun zor bat kitatzera –erantzun zion mutikoak.

—Zure aitarekin ez dago zorrik, gezurra diozu –esan zuen erregeak.

—Benetan gezurra esan badut, benetan zerbait arrazoirik gabea esan badut, orduan emadazu saria –erantzun zuen mutikoak.

Erregea amarruaz ohartu, eta segituan erantzun zuen:

—Uste dut oraindik ez duzula gezurrik esan.

—Nik ez badut gezurrik esan, orduan ordain ezazu zure zorra –egin zion eraso mutikoak.

Erregeari ez zitzaion beste erremediorik gelditu urrea eta fruituak ematea baino, agindu zuen moduan.